Lau istorio kontatzen dituzten lau atek osatzen dute Ane Gebararen lehen arte instalazioa

  • Lau istorio kontatzen dituzten lau atek osatzen dute Ane Gebararen lehen arte instalazioa

4pArTE: “Lau ate, lau emakumeen artean parte” – “emakumeen arteko lau ate”- “emakumeen parte”- “lau ate”

 Lehen aldia da ARTgia sorguneak programa bat abiatzen duela Gasteizko Kultur Sailarekin elkarlanean

GASTEIZ. Ipuinkontalaria da Ane Gebara (Gasteiz, 1988) baina, lehen aldiz, arte bisuelatara egin du salto. ARTgia da! Deialdiari aurkeztu zuen udaberrian 4pArTE proiektua eta epaimahaiak saritu egin zuen, Piko Zulueta, Alazne Payueta eta Sara Rodriguez, eta Edurne Herran artisten lanekin batera. “4 parte, aparte edo 4 ate. Izenburuak bakarrik jolastera edo imajinatzera eraman ninduen, eta instalazio artistiko honetan aurkituko dituzuen 4 ateak ere, ipuinak askotan egiten duten bezala, jolastera, sentitzera, emakume desberdinen azalean jartzera eta imajinatzera eramango gaituzte”, azaldu du gaur goizean eskainitako prentsaurrekoan.

“Ipuinak kontatzen ditudanean, ipuinaren leku horretara joaten da nire burua eta horregatik maite eta kontatzen ditut istorioak, bukaezinak diren leku eta abenturetaraino bidaiatzeko”. “Istorio bakoitza, ate bat zabaltzea bezala delako sortu ditut lau mundu desberdinetara eramango gaituzten 4 ate. Gure gorputz eta mundua atearen kanpoaldean utzi eta protagonisten azalean eta bizipenetan murgilduko gara atearen bestaldera bidaiatuz”.

4 ate hauetan emakumeen 4 istorio daude entzungai, lau momentu konkretu lau bizipen, sentsazio edo lau erabaki. “Momentu batean bizitzan leiho bat edo ate bat irekiko balitz bezala planteatuta daude emakumeen egoerak. Momentu horietan murgildu sartu edo horietatik ateratzeko aukerak zabalduz”. Atearen bestaldea ez da izango edonolakoa, gertatzen eta kontatzen ari dena ondo sentitzeko atearen “barruan” material desberdinetan jarri ahalko dugu gorputza eta emakumearen munduan poliki-poliki murgilduko gara, bizkarrez, ia konturatu gabe.

“Emakumeen istorioak askotarikoak dira eta bidaiatzeko aukerak ere, ez izan zalantzarik, ARTgiako atea ireki, kaskoak jarri, play sakatu eta begiak itxi… istorioa hastear dago!” azpimarratu du.

ARTgiaren izenean Ludi Puertas aritu da eta emakume artisten lanak ikustarazteko lanean jarraitzen dutela nabarmendu du. Ez hori bakarrik, “oso pozik, lehen aldia delako, Gasteizko Kultur Sailaren bitartez, elkarlanean, programa bat burutzea lortzen dugula”. “Gaur lehen emaitza, lehen uzta aurkeztu dugu. Emakume gazte eta euskaldun batek sortutako erakusketa, beka honi esker burutu ahal izan dena”.

Berrikuntzekin heldu dio ARTgiak urteari gaurtik aurrera ARTgiak bere ordutegiak zabaldu egingo dituelako. “Astelehenetik igandera egongo da zabalik aurrerantzean. Beste aurrerapausu txiki bat guretzako”.

 

Egilearen aurkezpena

Ane Gebara naiz, duela 3 urte hasi nintzen ipuin eta istorioak kontatzen eta behin hariari tiraka ibili nintzela konturatu nintzen hariak ez duela etenik. Handik geroztik posible den leku guztietan kontatzen ditut ipuinak.

Hasiera batean publiko gazteari kontatzen nizkion bakarrik, magisteritzako gradoa bukatu eta gero  haurrekin baitzen harreman, segurtasun eta lasaitasun gehien ematen zidatenak. Hala ere, duela bi urte helduei kontatzeko gogoak piztu zitzaizkidan eta Gazte Sortzaileak bekari esker, Itziar Rekalderen laguntzarekin “Harriak kontatu didatena” narrazio saioa sortu genuen. Hemen Arabak dituen eta herriz herri kontatzen diren istorioak batu eta eszenaratu genituen narrazioaren bitartez, Oses eta Miren txalapartarirekin lagunduta. Geroztik haur eta helduekin kontatzen dut.

Oraingoan, helduentzako instalazioa artistikoa da proposatzen dudana, ipuinak daukaten bapatekotasun eta esklusibitatea alde batera utzi eta nahi den momentuan entzungai egongo diren 4 emakumeen bizipenak egongo dira entzungai ate sinboliko batzuetan, istorioa horietara sartzeko aukera emanez.

4parteArtgia
WhatsApp Image 2019-09-25 at 13.35.50-3
WhatsApp Image 2019-09-25 at 13.35.50-2