Bederatzi lagunek osatzen dute 2018 – 2019an arituko direnen taldea. Sei emakumezkoak dira.
“Ikasturte honen helburua ekimen kultural interesgarriak osatzea da. Inpaktua nola lortu da kontua eta gure apustua hibridazio artistikoa da”, azaldu du Irantzu Lekuek
GASTEIZ. ARTgia sorgune & aretoak irailaren 19an ekin zion ikasturte berriari. Uraitz Soubies Mexikon bizi den Gasteizko argazkilariaren “10 urte eta lurrikara bat” erakusketa aurkeztu zuen orduan. Gaur, aldiz, ARTgian arituko den lan taldea aurkeztu du. Alba Tojo, Rebeca Martin, Endika Caño, Estibaliz Ibarra, Beatriz Vicente, Cristina Bereciartua, Iñaki Landa, Angel Hellan eta Irantzu Lekuek osatzen dute. ARTgiako zuzendari den Irantzu Lekuek azaldu duenaren arabera “ikasturte honen helburua ekimen kultural interesgarriak osatzea da, milioi laurdenera iristear dagoen hiri batean era guztietako publikoak egon badaudelako. Nola iritsi, inpaktua nola lortu da kontua eta gure apustua hibridazio artistikoa da kulturatik aldenduta bizi direnak erakartzeko”.
Antolatutako ekimenen artean, bihar bertan aurkeztuko duten Eduardo Alsasua margolari sarituaren erakusketa, EmART egitasmoan parte hartu duten Sara Berasaluce, Marina Suarez eta Beatriz Perales-en erakusketa, Enebada Galeriarekin batera antolatzen duten Neguko arte azoka edota liburu aurkezpenak zein hitzaldiak nabarmentzen dira.