
ATAURI ART JAIALDIAREN ZORTZIGARREN EDIZIOAK ARRETA JARRIKO DU DESPOPULAZIOAREN AURKAKO BORROKAN, ARTEAREN BITARTEZ
“AtauriArt zirku- eta antzerki-jaialdi bat baino askoz ere gehiago da, gure landa-herria aldarrikatzeko modu bat da; txikia baina bizia eta etorkizun handikoa”
GASTEIZ. Urtero bezala, udako azken astinduekin AtauriArt dator. Bere zortzigarren edizioan dagoen jaialdiak urtez urte handitzen jarraitzen du eta dagoeneko hitzordu finkoa da Arabako Mendialdeko biztanleentzat. Arratiandi kultur elkarteko ordezkariek eta Bapatean-ek Gasteizko ARTgia sorgune & aretoan aurtengo kartela aurkeztu dute, eta artearen bitartez fokua jarri dute despopulazioaren aurkako borrokan.
Festibala 2012an hasi zen Ataurin, 20 biztanle baino zertxobait gehiago dituen Arabako Mendialdeko herri txiki batean, eta aurtengoa zortzigarren edizioa du. ” Zirku- eta kaleko antzerki-jaialdia antolatzearen erronkari aurre egiten diogu, batetik, eskualdeko egungo kultura eskaintza osatzeko; eta, bestetik, kultura herriguneetara hedatzeko” adierazi du Bapatean taldeko Isra Cuadradok. Aurten, 2018ko formatuari eutsiko diote; asteburu nagusia irailaren 6, 7 eta 8an Ataurin, bi ikuskizun gehiago irailaren 14 eta 15ean, Azazetan eta Korresen, hurrenez hurren. Eta beste bi emanaldi urrian eta azaroan. Horrela, Atauri Art 2019ko kartelak 10 ikuskizun izango ditu guztira; tartean, “El Sauce” antzerki inklusiboa egiten duen Azikarte Elkartearen eskutik, Keniatik datorren “Might Jambo” konpainia edo ipuin-kontaketa eta tailerrak, txikienentzako hitzordu berezia. Arratiandi Kultur Elkarteko Ruth Ibisateren ustez: “AtauriArt zirku- eta antzerki-jaialdi bat baino askoz ere gehiago da, gure landa-herria aldarrikatzeko modu bat da; txikia baina bizia eta etorkizun handikoa. Horregatik, aurten nabarmendu nahi izan dugu artearentzako guneak sortuz ere despopulazioaren aurka egin daitekeela “. Testuinguru horretan kokatzen dute urriko jardunaldirako programatu den “Soñando un lugar” luzemetraia. Landa-eremuetako despopulazioaren borroka artearen bitartez eta “Orgullo rural” ikuskizun musikatua dira filmaren ardatza.
Apustu zabala, askotarikoa eta kalitatezkoa, ikusle guztientzako ikuskizunak, artista asko, zenbait espazio eta, batez ere, bere jaialdiaz harro dagoen herria eta publiko errenditua eta konprometitua. “Atauri Art badabilela eta boluntarioak ez direla faltako jakin badakigu ere, lehen urteko nerbioak izaten jarraitzen dugu. Artistak gustura egotea, itzuli nahi izatea guretzat garrantzitsua da; baita ikusleak ikuskizunak gogoratzean irri egitea ere. Hilabeteak daramatzagu dena prestatzen, iraileko asteburua itzela da, baina argi daukagu merezi duela jende askok Atauri mapan jartzen baitu jaialdiari esker” azpimarratzen du Xabier Orive Arratiandikoa eta Atauriko herritarra.