Lehen aldiz, deialdia Gasteizko Udalaren Gazteria Sailak emandako babesari esker burutuko da
Estivariz-en ostean, Uxue Ruiz de Arkaute arkitektuaren proposaeman garatuko da eta, ondoren, Estibaliz Agirre artistarena
GASTEIZ. Martxan da ARTgia sorgune & aretoaren EmART programa. Irantzu Lekue koordinatzaileak azaldu duen moduan „emakume artiston lana mahaigaineratzea eta balorean jartzea da proposamen honen helburua“. Yone Estivariz argazkilari gasteiztarraren „Latxa“ proposamena aurkeztu dute. Argazkiak zuri-beltzean daude, baina koloretan errebelatuta baleude, aldea ia ez litzateke antzemango. Ardien kolore zuria nabarmentzen da argazki bakoitzean, begiratzen diguten noizbehinkako puntu beltzekin. Ondo definitutako mutur horien artean, gris etereoak paleta monokromatikoaren gainerako espazio osoa betetzen du“, azaldu du. Zeru grisa, harri grisak, klima latza, bide latzak. “Ez da harritzekoa ardiak ere horrelakoak izatea. Latxa hitzak ez du besterik esan nahi, latza euskaraz baizik. Eta izena bere artilearen ezaugarritik eratorria bada ere, bere begiek agerian uzten dute ez dela bere azala estaltzen duen mantura bakarrik mugatzen“.
Begirada horien atzean dauden sentimenduak asmatzen jolasteko tentazioa sentitzen du Estivarizek. “Axolagabekeria, inguru grisa haietan sartu izan balitz bezala; etsipena txakurren eta artzainaren aginduen aurrean. Beldurra haien gainean hegan dabiltzan putreei. Bere salbazioa, bere kideak. Bai bikoteka, bai talde txikietan edo artaldean, baina ez bakarrik. Animalia taldekoiak dira. Eta lehen batek axolababekeria ikusten zuen lekuan orain lasaitasuna ikusten du, badakitelako lainoa desagertzen dela egunak aurrera egin ahala. Etsipenaren ordez, eskerrona gidariei. Beldurra beharrean, indarrarekiko konfiantza talde gisa”, azpimarratu du. Ziurrenik ez dute ez beltz ez zuri ikusiko. Ezta grisa ere, lainoak zerumuga lainotzen dien arren. Belar berdea ikusiko dute, eta horra zuzentzen dute begirada.
EmART deialdia
Ia hiru urte daramatza ARTgia proiektua martxan. “Gure txikitasunean lan eta lan ari gara aukerak sortzeko, tokiko artista eta sortzaileei merezi duten lekua egiten laguntzeko. Dakizuenez, ARTgiak oinarrietan du feminismoa txertatua eta horregatik bigarren aldia da EmART proiektua abiatzen dugula” azalduIrantzu Lekue-k. Gasteizko Udalaren Gazteria Sailarekin elkarlanean aurrera aterako proiektua da, lehen aldiz.
Yone Estivariz, Uxue Ruiz de Arkaute eta Estibaliz Aguirre dira sarituak. Eurekin batera, epaimahaiak bi akzesit eman ditu: Uxue Bereziartua ilustratzaileari eta Maitane Argote Guzman artistari. Akzesit hauen bidez, erakusketa eta komunikazio zerbitzua izango dute aukeratutako artistek. “Arabako emakume* artiston lana ikustaraztea da deialdiaren helburua. Emergenteak direnak, mahaigaineratzea, aukerak zabaltzea. Horregatik plazera da guretzako EmART deialdiaren irabazleak publiko egitea”, nabarmendu du Irantzu Lekue-k. “Orotara 23 proiektu aurkeztu dira eta oso pozik gaude bai aurreko urteko emaitzekin baita aurtengo proposamenek izan duten kalitate artistikoarekin”.