Inaugurazioa igandean, maiatzak 31, izango da 12:30etan ARTgia Sorgune & Aretoa aretoan

Ilustratzaileak bi accesitetako bat irabazi zuen galeriak, Gasteizko Udaleko Gazteria Sailaren laguntzarekin, egindako EmaART deialdiaren barruan

 

GASTEIZ. 75 egun igaro dira ARTgia Sorgune & Aretoa|k, Covid-19aren ondorioz, ateak itxi behar izan zituenetik. Denbora horretan, aretoak 62 euskal artista deitu ditu bere bi erakusketa birtualetan: “#ARTdemia” eta duela gutxi inauguratutako “#ResiliART”, www.artgia.com webgunean ikusgai. “Pandemiak etxean eduki ditu pertsonak, baina badirudi normaltasun berri baten hasieran gaudela, eta, beraz, bueltan gaude”, esan dute. ARTgian, orain inoiz baino gehiago, gizartearen eta honek kulturarako duen eskubidearen alde egiten dute.

 

Igandean, maiatzak 31, eguerdiko 12:30etan erakusketa berri bat inauguratuko da Uxue Bereziartua ilustratzailearen eskutik. Emakume sortzaile gazteei zuzendutako EmART 2019 deialdian aukeratu zuten artista gaztea. “Arabako emakumeen* artisten sorkuntzak ikusarazteko proiektu estrategikoa”.

* emakumeak: emakumeen Etxearen definizioa hartzen dugu

 

Uxue Bereziartua sortzaileak 41Habitat erakusketa aurkeztuko du: “41 habitatk 41 ekosistema, mikroklima eta espazioz hitz egiten dute”, adierazi du sortzaileak. 41 ilustraziok osatzen dute erakusketa, eta gorputza erdigunean jarrita, 39 emakume irudikatzen dituzte, askotariko errealitateetan, emozioetan eta sentimenduetan. “Zenbat aldiz egin duen euria beraien baitan, eta zenbatetan hartu dion gorputza belar busti usain gozoak” hausnartu du artistak. “Ariketa hau egitea nahiko nuke ikusleak. Gorputza eta izena jarri diet nik emakume hauei, ikusleak hauei begira bizitza bat sortzea nahiko nuke. Imajinazioarekin jolastea. Bakoitzak habitat bakoitzean gertatu dena eta gertatzen ari dena sortzea”. Helburua pertsonen bizitza, emakumeena zehazki, erdigunean jartzea da. “Pandemia honetan mahai gainean jarritako balioen irudikapena da”, azaldu du Irantzu Lekuek, Judizmendi auzoko aretoko arduradunak.

Bere jarduerari berriro hasiera emateko aretoak formatu berri bat proposatzen du. Horregatik, inauguraziora joan nahi dutenei dei egiten diete beren posta elektronikoaren (artgiada@gmail.com) eta sare sozialen (Facebook, Instagram edo web orria) bidez, aldez aurretik izena emateko. Planteamendu berri honen helburua bisitak antolatzea eta pilaketak saihestea da. Galeriatik beren komunitatearen zaintzaren alde egiten dute.