
Etxauzia “Arnasa 01”
Irantzu Lekue
Baigorriko Etxauzia Gaztelua, Irantzu Lekueren “Arnasa 01” seriearen inspirazio iturri
Gazteluaren elementu zaharrenak XI. Mendekoak dira. Naziek II. Mundu gerran bere egin zuten, Charles Chaplinen ostatu izan zen, eta, besteak beste, Eleanor Boardman aktore izan zuen jabe.
Nafarroako historiaren gertakizun ugariri lotua, Etxauzia elkartearen kanpainaren helburua Gaztelua erostea da Ipar Euskal Herri barnealdearen ekonomia, kultura eta ondarea sustatzeko.
GASTEIZ. Formatu handiko sei koadrok osatzen dute seriea, eta Baigorriko Etxauzia Gaztelua dute ardatz, “bere historia eta ingurunea, bere iragana, orainaldia eta baita etorkizuna ere, Etxauzia proiektuari lotua, Gaztelua biziberritu eta ametsez nahiz ilusioz betetzeko proiektua”. Gazteluaren gaineko erreferentziak XI. Mendetik datoz eta Nafarroako historiaren une askori lotua izan da. Proiektua Lekuek Baigorrira eginiko bisitarekin abiatu zen “herritarrekin hitz egiteko parada hartu nuen eta Josu Martinez Etxauziako bizilagun, zinegile eta idazlearekin, bertako lekuak, bistak ezagutu genituen lanean hasi aurretik”, azaldu du. Horrela, hainbat egunez, artelanak garatzen hasi zen “paisajistikoak eta baita figuratiboak ere.
Gazteluaren inguruetan erreparatuz, bistetan, detaile txikietan eta nola ez, mahasti eta mendiak inspirazio iturri moduan hartuz”. Lekueren aburuz, sortzeko leku bikaina da Baigorri eta horregatik, Etxauzia Gaztelua izan da Arnasa 01 seriearen inspirazio iturri. Artelanak teknika piktoriko mistoarekin sortu ditu “pintzelada koloretsu eta dinamikoarekin inpresionismoa gogorarazten duen lanak lortuz”.
Arnasa 01 serieraren bigarren zatia tailerrean burutu du Lekuek. “Hasierako ideia kostatik burutzea zen baina, eguraldi euritsua tarteko, ezin izan nuen bertatik burutu”. Horregatik, tailerretik hasi zen hausnartzen, “Zuberoak eta Nafarroa Behera-k historikoki pairatu izan dituzten migrazio prozesuetan pentsatzen eta Etxauziak diasporarekin izango duen harremana probestu dut formatu handiko artelan onirikoa, surrealista sortzeko, ametsak, sentipenak eta pentsamenduak dituena oinarri”. Formatu handiko artelan honek 4 x 2 metrotako multzo piktorikoa osatzen du “diaspora, historia, herria eta kultura oinarri dituelarik baina surrealismora ekarrita.
Etxauzia: sormen gunea
Etxauzia Gazteluak hainbat mendetako historia dauka. Bertrand Etxautz (1599-1617) baigorriar noblearena izan zen, Baionako apezpikua eta Henri IV. Erregearen hurbilekoa zena. Gero jabegoa aldatuz joan da: XIX. mendean, Hendaiako Abadia Gazteluaren jabeak, Antoine d’Abbadie d’Arrastek, haren anaia Jean Charles d’Abbadierentzat erosi zuen. Iragan mendera etorrita, haren iloba Henri d’Abbadie d’Arrast (1897-1968) zinegilearena izatera pasa zen. “Harry” d’Abbadie izenez ezagutua, Hollywooden zinema zuzendari eta aktore izan zen, Charles Chaplinekin lan egindakoa. Chaplin hiru alditan joan zen Baigorrira, udalditan Etxauzian ostatu hartu zuen ospe garai gorenean. Haren argazkiak daude oraindik gazteluan, Etxauzia elkarteak jakinarazi duen bezala. II. Mundu Gerran berriz, alemaniar naziak Etxauzian ostatatu ziren ere.
Ekimenaren helburua gaztelua erostea bada ere, ez da xede bakarra, izan ere, ekonomia, kultura eta ondarea ardatz dituen proiektua da, partehartzean, elkarlanean, eta ekimen kolektiboan oinarritua. Hala, Etxauzia lantegien elkartea izatea nahi dute: eskualdearen eta inguruaren garapena dute xede, enpresen arteko elkarlanaren eta elkartasunaren bidez. Azken bi urteetan 100.000 euro lortu dituzte eta bidean Etxauziaren babesle edo “bizilagun” ugari lortu dituzte, besteak beste, Bernardo Atxaga, Harkaitz Cano, Itxaro Borda, Katixa Agirre edo Marie Darrieussecq idazleak; Oskar Alegria, Aitor eta Amaia Merino edo Sylvie Garat zinegileak; Maialen Lujanbio, Miren Amuriza edo Amets Arzallus bertsolariak; Santos Bregaña, Irantzu Lekue, Alicia Otaegui, Marga Berra Zubieta edo Nerea de Diego artistak. Pedro Miguel Etxenike zientifikoa, Fernando Bernués eta Mireia Gabilondo antzerki zuzendariak, Jon Maya eta Oier Araolaza dantzariak, edo Natxo de Felipe, Mursego, Joserra Senperena, Joseba Tapia eta Juantxo Zeberio musikariak. Iraila bitartean 500.000 euro lortzea da orain helburua.
Balorazioa
Oso positiboa. Etxauzia proiektuarekin eta Oihaneder Euskararen Etxearekin Baigorriko proiektua Gasteizen ezagutarazteko plana abian jarri zen. Batetik, Oihaneder-en Etxauzia poriketua aurkeztu zen formalki. Bestetik, ARTgia sorgune & aretoak Irantzu Lekuek Baigorrin eginiko egonaldi artistikoaren uzta aurkeztu zuen: “Arnasa 01” seriea.
102 pertsona zenbatu ziren aurkezpen ekitaldian. ARTgia sorgune & aretoko aurkezpen ofiziala izan zen ere. Jendea aretora ezin sartu geratu zen eta, besteak beste, Montauk taldeko Beñat Goitiaren emanaldiaz gozatu ahal izan zuten bertaratutakoak.
Komunitatea eratzea sortu da, euskaraz artea eta kulturaren inguruan
Euskarazko proiektu artistikoa gauzatu izana oso positiboa izan da
Gizartean izan duen inpaktua
Orotara 183 pertsona pasatu dira ARTgia sorgune & aretotik erakusketak zabalik egin dituen egunetan. Goiz eta arratsaldez egon da aretoa zabalik beti Kultur ACT elkarteko kideen konpromisoari esker. Hortaz, erakusketa honetatik 285 lagun pasatu dira guztira.
Perfilaren inguruan bada aipatzea Gasteizko euskaldun komunitatearen artean arreta berezia piztu duela. Era berean, Etxauzia proiektuaren inguruko afixak jarri dira kultur erabiltzaileen eskura proiektua diruz lagundu dezaten.
Komunikabideen arreta:
Sare sozialei dagokionez Etxauzia eta ARTgia sorgune & aretoaren komunikazio arduradunen artean plana adostu zuten Twitter, Facebook eta Instagram-en elkarrekin aritu eta bide beretik joateko. Emaitza bikaina izan da.
Komunikazioaren balorazioa: OSO ONA
Albisteak euskaraz, frantsesez, gazteleraz eta katalaneraz argitaratu dira erakusketaren inguruan.

