Estanpatutako eta editatutako lanen erakusketa aurkeztu du Usoa Zumetak ARTgian

  • Estanpatutako eta editatutako lanen erakusketa aurkeztu du Usoa Zumetak ARTgian

Koldobika Jauregi, Dora Salazar, C. Ortiz de Elguea, Germán Gárgano, Pablo Gonzalez, Edu Lopez, Vicente Larrea, J.L. Zumeta eta Iñigo Arregi artisten lan grafikoarekin osatutako erakusketa da

“Azken urteetan burutako lan grafikoa batu eta Gasteizen erakusketa aurkeztu dut lehen aldiz”, esan du Usoa Zumetak

GASTEIZ. Lehen aldia da Usoa Zumeta usurbildarrak erakusketa aurkeztu duela Gasteizen. Judimendi auzoko ARTgia sorgune & aretoan abiatu du, azken urteetan sortutako obra grafikoa hizpide. Serigrafia da artelan hauen guztien teknika eta zenbakitutako ale mugatuak dira guztiak.

Euskal artista handiak biltzen ditu erakusketak, tartean, Koldobika Jauregi, Dora Salazar, C. Ortiz de Elguea, Edu Lopez, Vicente Larrea, J.L. Zumeta eta Iñigo Arregi artistena. Hauekin batera Germán Gargano argentinarra eta Pablo Gonzalez portugaldarra daude. Zumetak berak azaldu du nola egiten duen artisten aukeraketa: “gustuko artista baten lana ezagutzean berarengana jotzen dut zuzenean. Artistak teknika honetan landu nahi duen irudia aukeratzen du eta artistak berak egiten du lehen artelana”. Horregatik obra bakoitzean artistaren eskua dago “artistak sortzen duelako Usurbilgo nire tailerrean”.

“Edozein teknikatan burututako lanak itzuli daitezke serigrafiara”, azaldu du. “Tenpera, akuarela edo oleoa izan artistaren erronka serigrafiara pasatzea da”. Itzulpen lan moduan definitzen du Usoa Zumetak lan hau “bi hizkuntza ezberdin dielako, bi teknika eta batetik bestera artistak pasatzen du”. Ideia ez da erreprodukzio bat egitea baizik eta beste obra bat sortzea horregatik “artistaren obra grafika orijinala da sortzen duguna”, azaldu du.

Irantzu Lekue ARTgia sorgune & aretoko zuzendariak nabarmendu du “Usoa Zumeta bera dela artista guztien arteko nexoa”. “Erakusketa bat antolatzerakoan, normalean, tematika edo garaika antolatzen dugu. Kasu honetan, aldiz, ez da horrela izan Usoak aukeratu dituelako artistak eta artelanak, urteetan eurekin lanean egon ostean”, azaldu du. Era berenan, “ARTgia taldekook erakusketarekin oso pozik daudela nabarmendu nahi izan du. Usurbilgo tailerrean ezagutu ginen Usoak eta biok eta ordu gutxi bahar izan genituen erakusketa honetan pentsatzen hasi eta antolatzeko. Hiru hilabete baino gutxiago behar izan ditugu martxan jartzeko”, adierazi du.

Artgia-presenta-Usoa-Zumeta-02
Artgia presenta Usoa Zumeta 03
Artgia-presenta-Usoa-Zumeta-01