#Artdemia apustua da konfinamenduan zehar garatutako tokiko artisten sorkuntzak erdigunean jartzea. 30 artistaren lanak aukeratuko dituzte

“Bizi dugun une historikoaren garrantziak horrelako deialdi bat eskatzen du. Kapitulu berri bat da historian, fase berri bat, kontakizun ezberdina izango duena, eta utopiei eta distopiei atea ireki diena”

GASTEIZ. “Bi aukera genituen: erakusketak, hitzaldiak, mikro-antzerkiak eta bisita gidatuak bertan behera uzten jarraitzea edo zerbait ezberdina egitea eta sorkuntza erdigunean jartzen jarraitzea”, dio Iñaki Landa ARTgiako arduradunak. Begoña Lopez de Aberasturik, gainera, zehaztu du orain arte hiru erakusketa bertan behera utzi dituztela -Yone Estivarizek ezin izan zuen Latxa aurreikusi bezala bukatu-, Uxue Lopez de Arkauterena irailean berriro programatu dutela eta Estibaliz Aguirrerena urrira arte itxaron beharko duela jakinarazi dute-. “Berrprogramazio horiei mikro-antzerki bat eta artistek lehendik antolatuta zituzten jarduera paralelo guztiak gehitu behar zaizkie”, adierazi du.

ARTgia Sorgune · Aretoaren helburu nagusietako bat artea sustatzearen eta garatzearen alde egitea da, eta artista garaikideak ikusaraztea “sormen jarduera sustatzeko eta jarduera paraleloen bidez bere obraren sustapena eta zabalkundea errazteko”. “Herritar guztiok gure etxeetan gaudenean nekez gauzatu daitezke erakusketa eta zabalkundea orain arte planteatuta genituen moduan”, diote. Egoera horren aurrean, eta ARTgia euskal kultur ekosistema osoak duen bidegurutze zailaren aurrean, ezin zen besoak gurutzatuta geratu. “Artea eta sorkuntza garaikidea balioan jartzeko garaia da: une zail hauetan ikusarazi egin behar da”.

Hala, Enebada! eta Kultur ACT kultur elkarteek indarrak batu dituzte ARTgia sorgune & Aretoarekin #ARTdemia Deialdiaren Lehen Edizioa abian jartzeko, konfinamenduan zehar garatutako tokiko artisten sorkuntzak erdigunean jartzeko apustua egiten duena. “Une historiko klabe batean iristen den obren erakusketa birtual bat: pandemia bat”, azpimarratu du Lopez de Aberasturik.

“Mende hasieran Obligaciones taldeak La epidemia se extende el virus trabaja con suavidad abesten zuen, eta ARTgiatik, momentu hori iritsi den unean proposamen artistiko berriei ireki nahi diegu leihoa. Euskal Herri osoko sortzaileek entzierro eta konfinamendu egun hauetan sortzen ari diren lanak erakutsi ahal izango dituzte, erakuslehio txiki bat zabaldu nahi izan dugu”, adierazi du Landak. Obra sortzea, beraz, COVID-19 epidemiari lotuta.

Bizi dugun une historikoaren garrantziak horrelako deialdi bat behar duela ulertzen du ARTgiak. Horregatik aukeratuko ditu gehienez 30 euskal artistaren lanak: Nafarroa, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Beherea edo Zuberoako lurraldeetan bizi edo lan egiten dutenenak. “Kapitulu berri bat da historian, fase berri bat, kontakizun ezberdina izango duena, eta utopiei eta distopiei atea ireki diena”.

Kapitalismoaren heriotza ekarriko al du? Eskubide murrizketa hau izango al da neo-faxismoaren atarikoa? Ohitu al gara salbuespen-egoerara? Zer ondorio izango ditu gure eguneroko hizkera belizistak? Zer da pentsamendu kritikoa osasun-larrialdiko egoera batean? Zer izango da Naomi Kleinen shockaren doktrina? Eta zer gertatuko da etorkizunean? Zein izango da artearen lekua krisialdian? ARTgia, Kultur Act eta Enebada! Taldeek arte garaikidea proposatzen dute, hiltzeko beldur zabalduaren aurrean.

Kezka handia

ARTgiak konfinamendu egoeran ere sortzen jarraitzearen aldeko apustua egin du. Dena den, deialdi honetan parte hartzen duten eragileek ohartarazi nahi izan dute Euskal Herriko kultura eta sormen-industrien sektorea egoera “oso kritikoan” dagoela.

“Europako herrialdeek, hala nola Alemaniak edo Frantziak, krisiari aurre egiteko eta KSIak alde batera ez uzteko zenbait ekintza abiatu dituzte, baina hemen ez dugu horrelakorik ikusten; ez Espainiako Gobernuaren aldetik, baina ezta Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta Aldundien aldetik ere; ezta udalen aldetik ere”. Horregatik, beharrezkotzat jo dute egoera horretan premiaz planteatzea administrazioak hartu beharreko neurriak: krisi horrek kultur sektorean uzten ari den eragin kaltegarriak arintzen lagunduko duten neurriak.

Kultur Act, Enebada! eta ARTgiak bereziki azpimarratu nahi izan dute, adibidez, Kultura Sailaren Bitartez edo Sorgune bezalako deialdien egoera, baina baita beste deialdi batzuena ere, hala nola Gasteizko Udaleko Kultura Proiektuetarako deialdia. “Kasu guztietan, oinarriak dagoeneko argitaratu behar ziren, proiektuak aurkezteko aukera zabalik behar zen egon eta, guztietan, sine dieatzeratu dira”. Iñaki Landak azaldu duenez, “Telelanaren aldeko apustu publikoa egiten den bitartean, praktikan aukera hori ukatu egiten zaie sortzaileei, errotik moztu baitute proiektuak aurkezteko aukera, fase hori telematikoki soilik egin daitekeen arren”.

“Horrek mugako egoera batera eraman du ekosistema kulturala, 2019an hainbat proiektu desagertu ondoren 2020a basamortu bihur dezakeena”. Arazoa bikoitza da: batetik, “Eragile batzuek ezin dutelako aurreko urtean egindako lana justifikatu, dena stand by -ean egoteagatik; eta, bestetik, ez dakitelako 2020ko egitasmoak noiz aurkeztu ahal izango dituzten”. “Erakunde bakoitza mundu bat da, eta egoera bakoitza ezberdina, baina unea da erakundeek elkarlanean aritzeko eta oso kontziente izateko unearen larritasunaz eta kultur ekosistema aberats bat paramo bihurtzeko aukeraz”, nabarmendu dute.

Azkenik, elkarte horiek ohartarazi dute 2020. urteko azken hiruhilekoan kultur ekimenen saturazioa gerta daitekeela aurreikusten dutela. “Egoera honek ez die inolaz ere mesederik egiten ez publiko kulturalei, ez sortzaileei. Berbideratu ere egin behar da “, azaldu dute.

Horrela, ARTgia, Enebada! Eta Kultur ACT-ek neurriak lehenbailehen hartzeko apustua egin dute eta zera proposatu dute, “2019ko justifikazioak eman ezin izan dituzten eragileei erraztasunak emateko erabakiak, 2020ko justifikazioak errazteko neurriak, denbora gutxiago egongo baita jarduerak garatzeko eta, batez ere, telematikoki aurkezten diren deialdi guztiak lehenbailehen martxan jartzeko, osasun-egoerak ahalbidetzen duenean jarduerak normaltasunez egin ahal izateko”.

Artdemia imagen chat