“Artisten erakuslehio izateko jaio gara, artista eta publikoaren artean zubi berriak sortzeko eta artea oparitu nahi dutenentzako aukerak parez pare zabaltzeko”, azaldu du Kristina Urizarbarrena koordinatzaileak
Aurkezpena bihar izango da. Hilaren 15ean arratsaldeko 20:00etan ARTgia sorgune aretoan
GASTEIZ. Enebada Galeriak eta ARTgia sorgune & aretoak azoka berri bat sustatzeko indarrak batu dituzte. Gaur aurkeztu dite Gasteizko Neguko Arte Azoka “artearen salerosketa sustatu eta Arabako artisten erakuslehio izateko jaio dena”. “Sortzaile plastikoentzako behar beharrezkoa zen azoka sortu dugu”, azaldu du Kristina Urizarbarrena koordinatzaileak.
“Ideia duela hilabete batzuk bururatu zitzaigun baina zokoratua izan genuen Eduardo Urra ezagutu genuen arte. Bera da Enebada arte Galeriako arduraduna eta gure artean sinergiak sortu ziren, biok Gasteizko auzoetan, erdialdetik at dauden arte galeriak ditugulako eta polita iruditu zitzaigun gabonei begira baina etorkizunari begira bereziki horrelako ekimen bat bideratzea”, azaldu du Irantzu Lekue artista eta ARTgia sorgune & areto-ko arduradunak. “Handik gutxira Kristina Urizarbarrena agertu zen eta oso antzekoa zen ideia proposatu zigun, hitz egindakoaren lerrotik zihoana. Orduan erabaki genuen gure indarrak batu eta ametsak errealitate bihurtzea. Hitzetatik ekintzetara pasatzea”, dio Eduardo Urrak.
Enebada Galeriatik pasa ostean, bihar Judimendiko Galerian aurkeztuko da, urtarrilaren 20a bitartean. “Artistek artelan ezberdinak izango dituzte ikusgai Enebada!-n eta ARTgia-n. Helburua kultura erabiltzaileak bietara gerturatzea izaki, produktu ezberdinak egingo dira horrela bata eta bestean ikusgai eta areto bakoitzak bere atmosfera propioa garatuko du horrela”, azpimarratu du Kristina Urizarbarrenak.
16 izango dira orotara erakusketa honetan parte hartzen duten artistak, besteak beste, Kristina Urizarbarrena -Kruzart-, Tania Guper, Eloisa Montoya, ines gonzalez de zarate, Irantzu Lekue, Txaro Arrazola, Txaro Marañon, Ana Merino, Ana Gandia, Ander Martínez, Katxarrismos, David Tavarés “Burugabe”, Palet Jauna, Ernesto Knorr, Eduardo Alsasua edo Nerea Lekuona. “Ibilbide ezberdinak dituzten artistak tartekatu nahi izan dugu. Ibilbide oso emankor eta ezaguna dituztenak daude baita emergenteak. Esperientzia eta gaztetasuna. Arabako artisten oraina eta geroa. Horregatik ere ahalegin berezia egin nahi izan dugu formatu ezberdinak lortzen kultur erabiltzaileek ere pieza ezberdinak izan ditzaten eskura”, esan du Urrak.
