photo5868263256349585772

“Kultur kezkak dituztelarik proiektu berriei ekiteko gogoa duten” 16 eta 32 urte bitarteko pertsonek har dezakete parte

Arreta berezia emango zaie emakumeek egindako sortze-lanei, Oitia Ortiz de Lazkano artistak, Sara Berasaluce argazkilariak, Maiela Zurutuza diseinatzaileak eta Ania Buruaga ilustratzaileak parte hartuko baitute

Abian da gazte sortzaileentzako Gazte OK topaketa. Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuak sustatutako ekimen berria azaroaren 15ean (ostirala) eta 16an (larunbata) egingo da, IDarten —garai bateko Betoñuko komentua— eta Bibat musoan. Almudena Maesok eta Aaron Fernández de Arroyabek koordinatu dute ekitaldia, zeinak ideia zurrunbilo bat biltzen baitu. “Zer egiten dugu Gasteizen sorkuntzaren alorrean mugitzen garen gazteok? Zertan ari gara lanean? Zeintzuk dira gure proiektuak? Zein sinergia sortu daiteke? Nortzuk dira protagonistak? Zergatik ez dago horiek batzeko tokirik? Zeren zain gaude amets berriak eraikiko dituen eta geroko proiektuen hazia izango den topaleku bat sortzeko?”.

“Kultur sorkuntzaren alorreko 16-32 urte bitarteko gazteak elkartu nahi ditugu programazio baten inguruan, aliantzak josi eta ikasteko aukera izan dezaten. Tresnak eman nahi dizkiegu beren ametsak lortzen laguntzeko. Eta, jakina, arte mota guztiak sustatu, norbera adierazteko eta errealizatzeko bidea den aldetik”, azaldu du Gazteriako zinegotzi arduradun Miren Fernández de Landak. Gazte Planak gazteentzako topaketa-ekitaldi bat antolatzea aurreikusten zuen 4.2 ildoan. Orain, Udalak gauzatu egingo du proposamena.

Antolatzaileek azaldu dutenez, GazteOK topaketak ekarpena egin nahi dio oraingo kulturaren testuinguruari, berrikuntza eta arte eta kultur aktibismoa abiapuntutzat hartuta. Horretarako, “pertsonen ahalduntzea lortu nahi dute, arlo soziala kontuan hartzen duen artearen eta kulturaren ikuspegia eskainiz eta haiekin batera sortuz.Ikertu, probatu, iradoki, esperimentatu, transmititu eta azkenean sortzearen aldeko apustua egiten du, pertsonak arte eta kultura proposamenen inguruan biltzearren, bitarteko tradizionalak zein teknologia berriak erabiliz”. “Aliantzak lotu eta sinergiak bideratu behar dira, herritarrek artea eta kultura zerbait propiotzat har ditzaten, kultura eskuratzeko oztopoak kenduz”, amaitu dute.

Gazte OK programa hiru fasetan egituratu da. Lehenengo, prestatze-jardunaldiak egingo dira: hamar lantegi, kultur jarduerak… Bigarren fasean, ikuspegi profesionalagoa gehituko da. Azkenik, jardunaldiak berak egingo dira, bi egunetan, sortzeko kezka duten gazteentzat bakarrik.

“Lantegi batez ere praktikoak antolatu ditugu, oinarrizko hiru alderdiri buruz: ekonomia (fakturazioa, BEZa, PFEZ), online eta offline komunikazioa, eta ideia artistikoen kontzeptualizazioa. Emakumeak artean eta kulturan ikusarazteari buruzko eztabaida ere irekiko dugu, jasaten dituzten kritikak eta presioak aintzat hartuta”, azaldu dute antolatzaileek. Beste jarduera batzuk ere izango dira: dokumental baten proiekzioa, kontzertuak, performance bat… “Erdi Aroko hirigunetik atera nahi izan dugu, eta gure jarduerak hiriko beste leku batzuetara eraman: Espazioa, Pilarren; Orbain, Koroatzean; ARTgia, Judimendin; Arkaiate Kultur Espazioa, Salburuan, eta IDarte, Betoñuko garai bateko komentuan. Emaitza ezberdinak lortu nahi ditugu, eta era ezberdinean lan egitearen alde egin dugu”, azaldu dute.

Egitaraua:

Prestakuntza. Artisten ekonomia

Artisten ekonomiarekin lotutako prestakuntza praktikoa, urriaren 13an, 18.00etan hasita.  Aaron Fernández de Arroiabek BEZaren, PFEZren edo fakturaken nondik-norakoak azalduko ditu.

Prestakuntza. Portafolio eta statementak

ARTgia sorgune & aretoa-rekiko lankidetzan, Kultur ACT-k prestakuntza praktikoa eskainiko du lan-sorta eta adierezpenei buruz, urriaren 24an, 18.00etan hasita. Ideiak nola kontzeptualizatu eta proiektuetan nola islatu landuko da.

Urriaren 25ean, 18.00etan hasita, komunikazio aditu Iñaki Landak online eta offline komunikazioari buruzko prestakuntza praktikoa eskainiko du.

Esku-hartze artistikoa. Urriaren 31n. Arkaiate espazioan

Esku-hartze artistikoa Arkaiate auzoan.        “Jam formatua”, zuzeneko musikaz.

Girls! to the front hitzaldia:

Arabako hiru emakume artista eta sortzailek arte prozesua nola bizi duten azalduko dute, emakumeen* ikuspuntutik. Solasaldia azaroaren 6an izango da, ¶espazioa aretoan, 19:00etan.

NAKBAren kontzertua, Orbain kultur elkartean

Gasteizko rock taldea, hardcore ukituak dituena. Orbain kultur elkartean joko dute, jardunaldien aurretik giroa sortzeko.  Talde gaztea da, eta gai berriak aurkezteko baliatuko dute kontzertua. Kontzertua 20:00ean hasiko da.

GazteOK jardunaldiak. Azaroak 15, goizez

Hasteko, solasaldiak izango dira Bibat museoan. Gai hauek aztertuko dira: kultura berrikuntzari buruzko esperientziak, kultura Europan… Garaion, Teklak, eta beste  entitate batzuk izango dira parte-hartzaileen artean.

GazteOK jardunaldiak. Azaroak 15, arratsaldez

Diziplinen arteko ibilaldia: Nerea Garces argazkilari gaztearen argazki-erakusketa, kontzertu bat formatu txikian, eta arte-lan bat. 19:00etan hasiko da, Fariñasetik.

GazteOK jardunaldiak. Azaroak 16, goizez

Bibat museoan izango da azken jardunaldia.  Gasteiz eta Arabako zenbait emakume artista, sortzaile eta kultur kudeatzailek hartuko dute parte. Parte-hartzaileen artean sinergia sare bat sortzea da asmoa.

GAZTEOK-kartela-2019
photo5868263256349585771