‘zomorro-mozorro’ Estíbaliz Aguirreren azken lana datorren ostiralean, urriak 9, inauguratuko da ARTgia Sorgune & Aretoan

Erakusketa azaroaren 8ra arte, igandea, bisitatu ahal izango da Judimendi auzoko galerian, ezarritako osasun-neurriak jarraituz

ARTgia Sorgune & Aretoak ikasturtearen programazioari ekin dio konfinamenduak atzeratutako erakusketekin

 

GASTEIZ. ARTgia Sorgune & Aretoak ikasturte hasieran aurreikusitako programazioarekin jarraitzen du. Martxoan eta apirilean 2019ko edizioko EmART programan aukeratuak izan ziren bi artisten, Uxue Ruiz de Arkaute eta Estíbaliz Aguirre, erakusketak atzeratu behar izan zituelarik, galeriak irailean ikasturteari berriro ekin zion bi sortzile horien erakusketekin. Lehenengoa duela egun gutxi amaitu zen, Estibaliz artista gaztearen ‘zomorro-mozorro’ lanari hasiera emateko.

Konfinamenduaren ondoren, gasteiztarrak haize fresko ahokada bat aurkitzen du naturan, etapa bati amaiera eman eta udaberrian sortutako loturak agerian uzten dituena. “Naturarekiko loturak sendotzeko grinatsu eta aske sentitzen gara. Natura gure zaintzaile bezala ikusten dugu, aitzakirik gabe besarkatzen gaituen ama, argitasun eta patxadaz pentsatzeko gure gune kuttuna. Bere koloreen, soinuen eta usain freskoen maitale sutsuak baikara orain“, dio Estibalizek intsektu handi eta koloretsuz inguraturik dagoen bitartean.

Lan honen bidez, artistak ez du harreman berri hori goraipatu nahi, zalantzan jarri baizik. Hainbat animalia eta intsekturen maskaraz estalitako lagunen aurpegiak irudikatutako zuri-beltzeko argazkiez osatutako obra da. Izan ere, berak azaltzen duenez, “geure kaiolaren barruan geratu gara, armiarma sare erraldoi batean geratu diren zomorroen antzera“.

Inaugurazioa datorren ostiralean, urriak 9, izango da 20:00etan Judimendi auzoko eta Irantzu Lekue artistak zuzentzen duen galerian. Emakumearen lana ikusaraztea funtsezkoa da berarentzat. Hala erakusten du EmART programaren bitartez, emakume sortzailearen ahalduntzera eta haren lana eta ekoizpena ikusaraztera bideratua dagoena. Estíbaliz bezalako emakume gazteek ARTgian erakusketa-leku bat aurkitu dezaten ahalbidetuz.

Konpromiso horrekin, eta artearen eta kulturaren alde apustu egiten jarraitzeko helburuarekin, gizartea eraldatzeko eta hobetzeko tresna gisa, ARTgia Sorgune & Aretotik Irantzu Lekuek artistentzako programa berriak abiarazteko eta jarduerak programatzeko lanean jarraitzeko asmoa du.

 

zomorro – mozorro

Udazkenarekin batera mundu berri bat heldu zaigu. Hartzak ez bezala, udaberria kobazulo barruan eman ostean, burua gizarte berritu bat ikusteko atera dugu. Gure gain erabateko kontrola izatetik, orain deskonexio uneak hobesten ditugu, naturarekiko loturak sendotzeko grinatsu eta aske sentitzen gara.

Natura gure zaintzaile bezala ikusten dugu, aitzakirik gabe besarkatzen gaituen ama, argitasun eta patxadaz pentsatzeko gure gune kuttuna. Bere koloreen, soinuen eta usain freskoen maitale sutsuak baikara orain.

Obra honen bitartez, gure inguruarekiko sortu ditugun lotura berri horien egiazkotasuna zalantzan jarriko da. Benetako askatasuna daukagulakoan, geure kaiolaren barruan geratu gara, armiarma sare erraldoi batean geratu diren zomorroen antzera.