Tag Archives: Exposición de arte

Zuri-beltzaren koloreak

Olerki liburua ezezik, auzolaneko proiektua ere bada.

Sentimenduak barreiatzeko auzolana.

Elkarlanean aritu dira pertsona asko. Emozioen truke. Pertsona horietako bakoitzaren emozioaz osatu da liburua eta harekin batera, eskutik oratuta doazen erakusketa eta ikuskizunak.

ARTgia Sorgune & Aretoak eman zidan proiektu honetarako lehenengo pista.

Diziplina eta artista-arte zenbaitetako gizakiak elkarlanean arituta, Euskaraz, Genero ikuspegia eta inklusibitatea bultzatuz,  eta gure gizarteari dagozkion arazoei erantzuna-hausnarketa eman nahi izate horrek ekarri nau honaino.

Arteak eman diezaioke bide eta erantzun eguneroko hainbat galderari. Arteak askatasun bidea izanik, norbere mamuak, sentipenak, kezkak… abiapuntu hartuta, besteengan emozioak, hausnarketak sortzeko, pizteko, konpartitzeko ezinbesteko tresna izan ohi da , izaten ari da eta izango da…

Batetik, liburuaren azaleko ilustrazioak propio adierazten du eman nahi izan zaion ikuspegia: emakumeak, onetsita edo ez, gure eta beste gizarte askotan daukan ezinbesteko protagonismoa. Bizitza-emaile, babesle, bitartekari eta gordailu emozionala. Olerki guztiak ez daude propio pentsatuta eme-ahotsaren ikuspegitik soilik. Bada, gero eta gehiago, zorionez, babesle, bitartekari eta gordailu emozionalaren bide horiek ere urratzen duen gizonik, baina, onartu beharra dago urratsak falta zaizkigula. Horregatik, ilustrazio eta olerkien ondoan ikusten dituzuen QR kode horietan entzungo dituzuen ahotsak soilik emakumeen ahotsak izango dira. Adina eta jatorri anitzeko 40 emakumerenak.

Eta zergatik grabatu?

Batetik, ikuspegi integratzaileari jarraituta, ikusmen urritasuna edo erabateko itsutasuna duten pertsonek besteen ahotsetan goza zitzaten.

Bestetik, helburu batez sortutako ilustrazioek eta kitatu beharreko zorra ere eman zioten bide.

Aurreko libururako Iñaki Lauzirikak sortutakoak, olerki liburu eta erakusketa honetako protagonista eta inspirazio bilakatu dira. Hitzak, argazkiak, ahotsak, artelanak, musika notak eta akordeak… erditu ziren haien ildoa jarraituz.

Horixe hitzen lilura… Ilustratzaile, idazle, marrazkilari, irakurle, bisitari, musikari, antzezle edo entzule bakoitzarengandik erakutsi nahi ez duten hori azalaraztea lortu dute. Oharkabean.

Olerkiak aireratu bezain pronto… irakurle, musikari edo entzule bakoitzak bere egin ditu. Askatasun osoz. Hortaz, egilearen ahotsa galdu eta ahots propio, nortasun berriaz dotoretu dira.

Plazer handia bidaia honetan zuekin bat aritu izana; plazerra bizitza den antzezlan laburrean  zuen segundo batzuetan bidea elkarrekin eta elkarren ondoan gozatzeko aukeragatik. Ezker oneko hitzak besarkadetan bihurtuko ditut.

asier maia anabitarte

 

zomorro – mozorro, pertsonak eta intsektuak

‘zomorro-mozorro’ Estíbaliz Aguirreren azken lana datorren ostiralean, urriak 9, inauguratuko da ARTgia Sorgune & Aretoan

Erakusketa azaroaren 8ra arte, igandea, bisitatu ahal izango da Judimendi auzoko galerian, ezarritako osasun-neurriak jarraituz

ARTgia Sorgune & Aretoak ikasturtearen programazioari ekin dio konfinamenduak atzeratutako erakusketekin

 

GASTEIZ. ARTgia Sorgune & Aretoak ikasturte hasieran aurreikusitako programazioarekin jarraitzen du. Martxoan eta apirilean 2019ko edizioko EmART programan aukeratuak izan ziren bi artisten, Uxue Ruiz de Arkaute eta Estíbaliz Aguirre, erakusketak atzeratu behar izan zituelarik, galeriak irailean ikasturteari berriro ekin zion bi sortzile horien erakusketekin. Lehenengoa duela egun gutxi amaitu zen, Estibaliz artista gaztearen ‘zomorro-mozorro’ lanari hasiera emateko.

Konfinamenduaren ondoren, gasteiztarrak haize fresko ahokada bat aurkitzen du naturan, etapa bati amaiera eman eta udaberrian sortutako loturak agerian uzten dituena. “Naturarekiko loturak sendotzeko grinatsu eta aske sentitzen gara. Natura gure zaintzaile bezala ikusten dugu, aitzakirik gabe besarkatzen gaituen ama, argitasun eta patxadaz pentsatzeko gure gune kuttuna. Bere koloreen, soinuen eta usain freskoen maitale sutsuak baikara orain“, dio Estibalizek intsektu handi eta koloretsuz inguraturik dagoen bitartean.

Lan honen bidez, artistak ez du harreman berri hori goraipatu nahi, zalantzan jarri baizik. Hainbat animalia eta intsekturen maskaraz estalitako lagunen aurpegiak irudikatutako zuri-beltzeko argazkiez osatutako obra da. Izan ere, berak azaltzen duenez, “geure kaiolaren barruan geratu gara, armiarma sare erraldoi batean geratu diren zomorroen antzera“.

Inaugurazioa datorren ostiralean, urriak 9, izango da 20:00etan Judimendi auzoko eta Irantzu Lekue artistak zuzentzen duen galerian. Emakumearen lana ikusaraztea funtsezkoa da berarentzat. Hala erakusten du EmART programaren bitartez, emakume sortzailearen ahalduntzera eta haren lana eta ekoizpena ikusaraztera bideratua dagoena. Estíbaliz bezalako emakume gazteek ARTgian erakusketa-leku bat aurkitu dezaten ahalbidetuz.

Konpromiso horrekin, eta artearen eta kulturaren alde apustu egiten jarraitzeko helburuarekin, gizartea eraldatzeko eta hobetzeko tresna gisa, ARTgia Sorgune & Aretotik Irantzu Lekuek artistentzako programa berriak abiarazteko eta jarduerak programatzeko lanean jarraitzeko asmoa du.

 

zomorro – mozorro

Udazkenarekin batera mundu berri bat heldu zaigu. Hartzak ez bezala, udaberria kobazulo barruan eman ostean, burua gizarte berritu bat ikusteko atera dugu. Gure gain erabateko kontrola izatetik, orain deskonexio uneak hobesten ditugu, naturarekiko loturak sendotzeko grinatsu eta aske sentitzen gara.

Natura gure zaintzaile bezala ikusten dugu, aitzakirik gabe besarkatzen gaituen ama, argitasun eta patxadaz pentsatzeko gure gune kuttuna. Bere koloreen, soinuen eta usain freskoen maitale sutsuak baikara orain.

Obra honen bitartez, gure inguruarekiko sortu ditugun lotura berri horien egiazkotasuna zalantzan jarriko da. Benetako askatasuna daukagulakoan, geure kaiolaren barruan geratu gara, armiarma sare erraldoi batean geratu diren zomorroen antzera.

ARTgia Sorgune & Aretoak bere hirugarren urteurrena ospatuko du

Gasteizko galeriak 3 urteko ibilbidea ospatuko du ekainaren 18, 19 eta 20an.

Kontzertuak, erakusketak, proiekzioak, hitzaldiak eta performancea izango dira Judizmendi auzoko galerian.

GASTEIZ. Ekainaren 18an, 20:00etan, ARTgia Sorgune & Aretoko hirugarren urteurrenaren ospakizuna hasiko da. Hiru egunetako ekitaldiak  Pablo Ochoa de Olza artistaren “En la Calle” erakusketa inauguratuko dira. Erakusketan artistak bere ibilbidea irudikatzen du, 3 zutabetan oinarrituta. Ibilbide horretan sortutako margolanetan hiri-paisaiak eta itsas paisaiak dira protagonista; artistaren erakusketa konfinamenduan egindako azken lanek ixten dute: ikuslego zabalago batentzako sortutako 45 pegatinako seriea. Egun horretan bertan, Xiomara Zugazagoitia eta Willy Granados musikariek osatutako La Trama taldearen emanaldia izango dugu baita ere.

Ostiralean, arratsaldeko 19: 00etan, “Berba Ta Irudia” liburuaren aurkezpena izango da Eider Iturriaga eta Ibai Arrieta argazkilari eta egileen eskutik. Kontzertuen argazkilaritzako profesionalen nondik norakoak kontatuko dituzte, Berri Txarrak taldearen bizitzako azken urtea osatzen duten irudiekin. Musika ardatz hartuta,  arratsaldeko 20:30ean, Gasteizko eszenako ezaguna den Doctor Sax artistaren kontzertua hasiko da, Rock klasikoena bere ikuspegi pertsonalatik errepasatuko duena.

Amaitzeko, ekainaren 20an, larunbata, eguerdiko 12:00etan, Mirena Nafarrate aktoresaren “Eta zu, zeren beldur zara?” performance soinuduna izango da protagonista ARTgian. Aktoresa gasteiztarrak, gaur egun Bartzelonan bizi bada ere, antzerkilatzan duen ibilbide sendotua beste eratako emanaldiekin osatzen du. Amaitzeko, Judizmendi Auzoko Jaietako Batzordeak prestatutako auzoko artxiboko irudiak eta auzoan bizi izan ziren pertsonen testigantzak proiektatuko dira aretoko hormetan.

Diziplina anitzeko urteurrena eta ospakizuna da: hitz egiteko, laguntzeko, diziplinak nahasteko. Artea, kultura eta auzoa aberasteko helburuari arreta jartzen diona. “Oso talde zigortua gara, eta ikusarazi, errespetatu eta elkar zaindu egin behar dugu. Konfinamenduan zehar, pertsonek kulturara jo dute ihes egiteko, beren adimena lantzeko, hazteko… eta orain, berriz ere, are egoera kaskarragoan gaude kulturgileok. Kultura ezinbesteko ondasuna da, eta, horregatik, zaindu egin behar dugu” dio Irantzu Lekuek, Judimendiko Jose Lejarreta kalean dagoen ARTgia aretoko zuzendariak.


PostCOVID egoera dela eta, aretoko edukiera mugatua izango da; horregatik, aretoarekin harremanetan jartzea eskatzen dute ARTgiako kideek, sare sozialen (Facebook eta Instagram), webgunearen (www.artgia.com) edo posta elektronikoaren (artgiada@gmail.com) bidez, guztiok gustora egoteko eta ekitaldiaz gozatzeko. Era berean, agintariek ezarritako jarraibideak errespetatuz, galeriaren barruan maskara erabiltzea eskatuko da.

 

 

Artgia bueltan da Uxue Ruiz de Arkauteren eskutik

Irailaren 3an, osteguna, Uxue Ruiz de Arkautek “Ahul” inauguratuko du ARTgia Sorgune & Aretoan, ikuspegi artistikotik aztertutako pertsona eta objektua

Erakusketa urriaren 4ra arte, igandea, bisitatu ahal izango da Judimendi auzoko galerian, ezarritako osasun-neurriak jarraituz

ARTgia Sorgune & Aretoak artearen eta kulturaren aldeko apustua egiten jarraitzen du eta proiektu eta erakusketa berriekin hasiko du iraila

 

GASTEIZ. Joan den uztailean, ARTgia Sorgune & Aretoak ateak itxi zituen abuztuari ongietorria emateko. Hilabete bat, dosi perfektua, gogotsu eta lanerako gogoz betetako denboraldiari ekiteko. Bizi duten normaltasun berriaz eta kultur sektorearen hauskortasunaz jabetuta, galeriak artea, kultura eta kultur eragileak babesteko mezua zabaltzen du. “Kultura beharrezkoa da, eta gure konpromisoa hau babestea”, adierazi du Irantzu Lekue zuzendariak.

Beharrezko hitz positiboak, kultur sektorearentzako etorkizun kritiko baten aurrean, arte galerientzat bereziki. Duela astebete, Gorka Basterretxeak Talka arte galeriaren itxieraren berri eman zuen, Lekueren esanetan “albiste triste eta etsigarria hiriarentzat”. Era berean, Artiumeko langileek manifestazioa egin zuten lanpostu guztiak mantentzea eta zerbitzuaren kalitatea eskatzeko, azken pleguan aurkeztutako aurrekontu-murrizketen aurrean. Zalantzarik gabe, COVID’19  delakoaren krisiak eragin handia izan du kulturan, eta Artgia ere ez da ahaztu behar.

Hala eta guztiz ere, Irantzu Lekuek, sorgune aretoaren buruan, ikasturte berriari hasiera emango dio, hainbat proiekturekin. ARTgia Sorgune & Aretoak, Alazne Payueta eta Sara Berasalucerekin batera, Gasteizko Udalak sustatutako Gazte Klik Klak 2020 argazki eta bideo lehiaketa antolatzen lagunduko du; datorren hilean, hirugarren urtez jarraian, Arabako emakume sortzaileei zuzendutako EmART programa abiatuko du, eta Uxue Ruiz de Arkaute eta Estibaliz Aguirreren erakusketak hartuko ditu hurrengo hilabeteetan. Irantzuk, gainera, espazioaren zuzendaritza eta beste proiektu pertsonal batzuk uztartuko ditu, normaltasun berri honetan ezarritakoaren arabera garatu ahal izango direnak.

Datorren ostegunean, irailak 3, ARTgia Sorgune & Aretoak bere ateak irekiko ditu Uxue Ruiz de Arkauteren “Endeble/Ahul” programazioari hasiera emateko. Inaugurazioa arratsaldeko 20:00etan izango da Judimendi auzoko aretoan. Uxue Ruiz de Arkaute, Estibaliz Agirrerekin batera, EmaART programaren aurreko edizioan hautatutako lau sortzaileetako bat da, eta haren erakusketa atzeratu behar izan zuen konfinamenduak.

Artista arabarrak eskultura eta ikus-entzunezko formatuen bidez aztertzen du pertsonaren eta objektuaren arteko harremana, zehazki eskaladako soka bat. Eskalada soka, orokorki bi zatitan osatua dago: arima, bertatik zintzilik dagoen pertsonaren pisua eustea helburu duen egitura nuklearra dena, sokaren barne frakzioa da. Pertsona bat eskalatzen ari denean eta bere bizitza sokaren ezaugarri ontologikoetatik zintzilik dagoenean, pertsonaren eta objektuaren edo materiaren arteko horizontaltasun argi bat bizitzen da”, azaltzen du Uxuek.

“Objektu bat, heldu beharreko ideia bat. Endeble/Ahul gure egunerokotasunaren erakusgarri da. Bizi dugun errealitateaz. Objektuei heltzen diegu, horiei eusten diegu eta lotura sortzen dugu. Lotura hori, batzuetan, sendoa dela uste badugu ere, aldez aurretik abisatu gabe hautsi daiteke” hausnartzen du Irantzu Lekuek.

Galeriako zuzendariak, artista bera ere, inflexio eta hausnarketa puntu oso interesgarri bat aurkitzen du sortzaile gazte honen lanean, iraila eta aurretik datorren ikasturte zalantzagarriari hasiera emateko.

 

AHUL

Ahul: Indar, kemen edo erresistentzia urrikoa.

Gaskoitik aùl, okzitanieratik avol “id.”.

Eskalada soka, orokorki bi zatitan osatua dago: arima, bertatik zintzilik dagoen pertsonaren pisua eustea helburu duen egitura nuklearra dena, sokaren barne frakzioa da. Zetaduna zein koloregabea da eta kamiseta deritzon atalagatik babestua dago. Arima eta kamiseta. Azken hori sokari erresistentzia, elastikotasuna eta malgutasuna ematen dion ehun koloretsu batez osatuta dago. Bi zatiak nylonez eginak daude, harkaitzaren abrasioarekiko erresistentea den ehun-zuntz bat. Pertsona bat eskalatzen ari denean eta bere bizitza sokaren ezaugarri ontologikoetatik zintzilik dagoenean, pertsonaren eta objektuaren edo materiaren arteko horizontaltasun argi bat bizitzen da.

Eskultura eta ikus-entzunezko formatuetan bitartez, artista gasteiztarrak urbanismoa eta materialtasunaren arteko zirrikituak lantzen ditu. Pertsonaren eta objektuaren edo materiaren arteko horizontaltasunaren eta erlazioaren bilaketa.

ISSSilpean: hasiera berri bat ematen duen atzera begirako bat

Uztailaren 11n, larunbatean, 13:00etatik aurrera, Irantzu Lekueren “ISSSilpean- SSSilencio” erakusketa inauguratuko da KVALVIKArekin batera, David Karba eibartarraren ingurumen-musika elektronikoko eta post rockeko proiektua da.

Irantzu Lekue isiltasunetik abiatzen da kontzeptu gisa, eta bere ibilbide pertsonal eta artistikoa markatu duten diziplina anitzeko lanen eta lan esperimentalen atzera begirakoa erakusten du

GASTEIZ. Hiru urteko ibilbidearen ondoren, ARTgia Sorgune & Aretoak erakusketa berezi batekin itxiko du ikasturtea. Irantzu Lekue ARTgiaren sortzaile eta zuzendariak bere lanaren erakusketa aukeztuko du Judimendiko galerian, lehenengo aldiz aretoa ireki eta inauguratu zuenetik.

“ISSSilpean” erakusketa uztailean zehar egongo da zabalik, eta izaera autobiografiko, pertsonal, esperimental eta intimista handiko laginean murgiltzea proposatzen du. Irantzuk bere ibilbidearen hainbat etapatan sortutako lanak, hainbat leku eta denboratan esperimentatuak. Espazio ireki edo itxietarako asmatutako obren erregistroak, iragankorrak edo iraunkorrak. Ikus-entzunezko lanak, esku hartutako objektuak, pintura-lanak, obra materikoak, hori guztia hitz baten inguruan: isiltasuna.

“Isiltasuna… Isilune asko gordetzen ditugu. Besteentzat, geure buruentzat. Aldez aurretik pentsatutako isiluneak, helburu jakin batekin, edo ezarritako isiluneak. Erakusketak izaera sozial nabarmena duten lanak biltzen ditu, barrura begiratzen duen ikuspegi batetik” azaldu du artistak.

Duela urtebete baino gutxiago Tesalonikara bidaiatu zuten lanak, argitaratu gabekoak edo saritutako lanak dira. Garai berri bati hasiera ematen dion atzera begirakoa.

Hirurtekoa itxi eta berria hasi. Hasiera berri batetik, begiratzeko modu berriak sortzen dira. Pentsamendu kritikoa, emozioak, esperimentazioa oinarri hartuta berritzea. Elkarlanean. Oraingoan KVALVIKArekin.

Larunbatean bertan, inaugurazioaren ostean, David Karba eibartarraren KVALVIKA, ingurumen-musika elektronikoaren proiektua, hasiko da. Norvegiako Lofoten uharteetan dagoen mendi arteko hondartza baten izena hartzen du, non, hain zuzen ere, Josu Torrealday argazkilariaren bere lehen LHko azaleko argazkia dagoen. KVALVIKAren lehen piezak 2015ean konposatu ziren arren, albuma 2016an hasi zen forma hartzen, David Karbak Islandiara bidaiatu eta grabagailu digital baten laguntzaz hondartzetako, ur-jauzietako edo sumendietako giro-soinuak jaso zituenean. Bidaiatik bueltan, soinu hauekin osatutako abesti batzuk batzen ditu, larunbatean Gasteizko galerian zuzenean joko duten errepertorio gisa.

ARTgia proiektuaren ardatz nagusietako batzuk diziplina artistikoen arteko fusioa, sareak sortzea eta kultur kolektibo eta eragileen arteko lankidetza dira. Beste behin ere, uztailaren 11n, larunbatean, Judimendi auzoko ARETOA Irantzu Lekue artista eta zuzendariaren lanaren, printzipioen eta egiteko moduen isla izango da.

 

Continue reading