Gasteizko galeriak 3 urteko ibilbidea ospatuko du ekainaren 18, 19 eta 20an.
Kontzertuak, erakusketak, proiekzioak, hitzaldiak eta performancea izango dira Judizmendi auzoko galerian.
GASTEIZ. Ekainaren 18an, 20:00etan, ARTgia Sorgune & Aretoko hirugarren urteurrenaren ospakizuna hasiko da. Hiru egunetako ekitaldiak Pablo Ochoa de Olza artistaren “En la Calle” erakusketa inauguratuko dira. Erakusketan artistak bere ibilbidea irudikatzen du, 3 zutabetan oinarrituta. Ibilbide horretan sortutako margolanetan hiri-paisaiak eta itsas paisaiak dira protagonista; artistaren erakusketa konfinamenduan egindako azken lanek ixten dute: ikuslego zabalago batentzako sortutako 45 pegatinako seriea. Egun horretan bertan, Xiomara Zugazagoitia eta Willy Granados musikariek osatutako La Trama taldearen emanaldia izango dugu baita ere.
Ostiralean, arratsaldeko 19: 00etan, “Berba Ta Irudia” liburuaren aurkezpena izango da Eider Iturriaga eta Ibai Arrieta argazkilari eta egileen eskutik. Kontzertuen argazkilaritzako profesionalen nondik norakoak kontatuko dituzte, Berri Txarrak taldearen bizitzako azken urtea osatzen duten irudiekin. Musika ardatz hartuta, arratsaldeko 20:30ean, Gasteizko eszenako ezaguna den Doctor Sax artistaren kontzertua hasiko da, Rock klasikoena bere ikuspegi pertsonalatik errepasatuko duena.
Amaitzeko, ekainaren 20an, larunbata, eguerdiko 12:00etan, Mirena Nafarrate aktoresaren “Eta zu, zeren beldur zara?” performance soinuduna izango da protagonista ARTgian. Aktoresa gasteiztarrak, gaur egun Bartzelonan bizi bada ere, antzerkilatzan duen ibilbide sendotua beste eratako emanaldiekin osatzen du. Amaitzeko, Judizmendi Auzoko Jaietako Batzordeak prestatutako auzoko artxiboko irudiak eta auzoan bizi izan ziren pertsonen testigantzak proiektatuko dira aretoko hormetan.
Diziplina anitzeko urteurrena eta ospakizuna da: hitz egiteko, laguntzeko, diziplinak nahasteko. Artea, kultura eta auzoa aberasteko helburuari arreta jartzen diona. “Oso talde zigortua gara, eta ikusarazi, errespetatu eta elkar zaindu egin behar dugu. Konfinamenduan zehar, pertsonek kulturara jo dute ihes egiteko, beren adimena lantzeko, hazteko… eta orain, berriz ere, are egoera kaskarragoan gaude kulturgileok. Kultura ezinbesteko ondasuna da, eta, horregatik, zaindu egin behar dugu” dio Irantzu Lekuek, Judimendiko Jose Lejarreta kalean dagoen ARTgia aretoko zuzendariak.
PostCOVID egoera dela eta, aretoko edukiera mugatua izango da; horregatik, aretoarekin harremanetan jartzea eskatzen dute ARTgiako kideek, sare sozialen (Facebook eta Instagram), webgunearen (www.artgia.com) edo posta elektronikoaren (artgiada@gmail.com) bidez, guztiok gustora egoteko eta ekitaldiaz gozatzeko. Era berean, agintariek ezarritako jarraibideak errespetatuz, galeriaren barruan maskara erabiltzea eskatuko da.