Irailaren 3an, osteguna, Uxue Ruiz de Arkautek “Ahul” inauguratuko du ARTgia Sorgune & Aretoan, ikuspegi artistikotik aztertutako pertsona eta objektua
Erakusketa urriaren 4ra arte, igandea, bisitatu ahal izango da Judimendi auzoko galerian, ezarritako osasun-neurriak jarraituz
ARTgia Sorgune & Aretoak artearen eta kulturaren aldeko apustua egiten jarraitzen du eta proiektu eta erakusketa berriekin hasiko du iraila
GASTEIZ. Joan den uztailean, ARTgia Sorgune & Aretoak ateak itxi zituen abuztuari ongietorria emateko. Hilabete bat, dosi perfektua, gogotsu eta lanerako gogoz betetako denboraldiari ekiteko. Bizi duten normaltasun berriaz eta kultur sektorearen hauskortasunaz jabetuta, galeriak artea, kultura eta kultur eragileak babesteko mezua zabaltzen du. “Kultura beharrezkoa da, eta gure konpromisoa hau babestea”, adierazi du Irantzu Lekue zuzendariak.
Beharrezko hitz positiboak, kultur sektorearentzako etorkizun kritiko baten aurrean, arte galerientzat bereziki. Duela astebete, Gorka Basterretxeak Talka arte galeriaren itxieraren berri eman zuen, Lekueren esanetan “albiste triste eta etsigarria hiriarentzat”. Era berean, Artiumeko langileek manifestazioa egin zuten lanpostu guztiak mantentzea eta zerbitzuaren kalitatea eskatzeko, azken pleguan aurkeztutako aurrekontu-murrizketen aurrean. Zalantzarik gabe, COVID’19 delakoaren krisiak eragin handia izan du kulturan, eta Artgia ere ez da ahaztu behar.
Hala eta guztiz ere, Irantzu Lekuek, sorgune aretoaren buruan, ikasturte berriari hasiera emango dio, hainbat proiekturekin. ARTgia Sorgune & Aretoak, Alazne Payueta eta Sara Berasalucerekin batera, Gasteizko Udalak sustatutako Gazte Klik Klak 2020 argazki eta bideo lehiaketa antolatzen lagunduko du; datorren hilean, hirugarren urtez jarraian, Arabako emakume sortzaileei zuzendutako EmART programa abiatuko du, eta Uxue Ruiz de Arkaute eta Estibaliz Aguirreren erakusketak hartuko ditu hurrengo hilabeteetan. Irantzuk, gainera, espazioaren zuzendaritza eta beste proiektu pertsonal batzuk uztartuko ditu, normaltasun berri honetan ezarritakoaren arabera garatu ahal izango direnak.
Datorren ostegunean, irailak 3, ARTgia Sorgune & Aretoak bere ateak irekiko ditu Uxue Ruiz de Arkauteren “Endeble/Ahul” programazioari hasiera emateko. Inaugurazioa arratsaldeko 20:00etan izango da Judimendi auzoko aretoan. Uxue Ruiz de Arkaute, Estibaliz Agirrerekin batera, EmaART programaren aurreko edizioan hautatutako lau sortzaileetako bat da, eta haren erakusketa atzeratu behar izan zuen konfinamenduak.
Artista arabarrak eskultura eta ikus-entzunezko formatuen bidez aztertzen du pertsonaren eta objektuaren arteko harremana, zehazki eskaladako soka bat. “Eskalada soka, orokorki bi zatitan osatua dago: arima, bertatik zintzilik dagoen pertsonaren pisua eustea helburu duen egitura nuklearra dena, sokaren barne frakzioa da. Pertsona bat eskalatzen ari denean eta bere bizitza sokaren ezaugarri ontologikoetatik zintzilik dagoenean, pertsonaren eta objektuaren edo materiaren arteko horizontaltasun argi bat bizitzen da”, azaltzen du Uxuek.
“Objektu bat, heldu beharreko ideia bat. Endeble/Ahul gure egunerokotasunaren erakusgarri da. Bizi dugun errealitateaz. Objektuei heltzen diegu, horiei eusten diegu eta lotura sortzen dugu. Lotura hori, batzuetan, sendoa dela uste badugu ere, aldez aurretik abisatu gabe hautsi daiteke” hausnartzen du Irantzu Lekuek.
Galeriako zuzendariak, artista bera ere, inflexio eta hausnarketa puntu oso interesgarri bat aurkitzen du sortzaile gazte honen lanean, iraila eta aurretik datorren ikasturte zalantzagarriari hasiera emateko.
AHUL
Ahul: Indar, kemen edo erresistentzia urrikoa.
Gaskoitik aùl, okzitanieratik avol “id.”.
Eskalada soka, orokorki bi zatitan osatua dago: arima, bertatik zintzilik dagoen pertsonaren pisua eustea helburu duen egitura nuklearra dena, sokaren barne frakzioa da. Zetaduna zein koloregabea da eta kamiseta deritzon atalagatik babestua dago. Arima eta kamiseta. Azken hori sokari erresistentzia, elastikotasuna eta malgutasuna ematen dion ehun koloretsu batez osatuta dago. Bi zatiak nylonez eginak daude, harkaitzaren abrasioarekiko erresistentea den ehun-zuntz bat. Pertsona bat eskalatzen ari denean eta bere bizitza sokaren ezaugarri ontologikoetatik zintzilik dagoenean, pertsonaren eta objektuaren edo materiaren arteko horizontaltasun argi bat bizitzen da.
Eskultura eta ikus-entzunezko formatuetan bitartez, artista gasteiztarrak urbanismoa eta materialtasunaren arteko zirrikituak lantzen ditu. Pertsonaren eta objektuaren edo materiaren arteko horizontaltasunaren eta erlazioaren bilaketa.