Emakumeek historian egin dituzten lanen bilakaera jasotzen du muralak, «oso narriatuta» zegoen toki batean.
IURRETA. Irantzu Lekue euskal artista eta muralistak bere azken proiektua aurkeztu du, eta, bertan, emakumeek historian egindako lanak jorratu ditu, «historian zehar garatu ditugun askotariko lanbideetan emakumeak ikusgarri egiteko omenaldi txiki batean», azaldu du. ARTgia taldeak (emakumez bakarrik osaturikoak) garatu du mural-multzoa, euskal artistaren zuzendaritzapean, Alba Tojo, Rebeca Uriza eta Beatriz Vicente artistekin. Lauren artean margotu dituzte 130 metro karratu baino gehiago, horma batean.
Gure emakumeak muralak «ibilbide xehea egiten die emakumeok garatu izan ditugun lanei; emakumeak eta lan horiek ikusgarri egiteko ariketa izan da, ikusgarritasun horren aldeko apustua». Bertan, besteak beste, «hainbat mendez arropa ibaietan garbitzen zutela eta astoek lagunduta joaten zirela» ikus daiteke. Halaber, protagonismoa hartu dute «Iurretako zilargileek eta landako produktuz josiriko postuak zeuzkaten dendariek». Aipamen berezia zor zaie medikuntzaren munduan ikertu duten zaintzaileei, ikasleei, jada teknologia berriekin lan egin duten landako langileei (hala nola, traktoreekin ibili direnei), bai eta, gaur egunera jauzi eginez, zientzialariei eta txirrindulariei ere. «Amaiera gisara, duela oso gutxi arte gizonen kontua baino ez ziren dantzak dantzatzen dituzten emakume dantzariak irudikatu ditugu», azaldu du 31 urteko Lekuek, ARTgia galeria gasteiztarreko arduradunak, pozik. Gaineratu duenez, «artea herritarren parte-hartzearekin, genero-ikuspegiarekin eta euskararekin lotzen dituzten proiektuak garatzen adituak gara. Artea kalera ateratzen dugu ekintza horiekin».
Arte Ederretan lizentziatuta dauden lau artista horiek duela hamar egun ekin zioten lanari, eta gaur goizean amaitu dute. Proiektuan, era berean, Iurretako gazteek ere hartu dute parte. Herritarren parte-hartzea sustatzeko ad hoc sortutako tailerren eta dinamiken bidez egin dute lana. Halaber, Maiztegiko ikasleek ere parte hartu dute, adibidez. «Haiekin batera, margo plastikoen tailer bat egin genuen, eta emakumeei buruzko proiektua margotzeko ideiak proposatu zituzten Iurretako gazteek».
Udalak urteak daramatza ekimen mota horien alde egiten, eta oso pozik agertu dira Dantzari kalean egiten ari den lanarekin. «Muralarekin, balioa eman nahi genien emakumeek hainbat etapatan eta Iurretako gizarte-eremu guztietan egin dituzten ekarpenei eta horien presentziari. Hori guztia, haurrak parte-hartzaile egitearekin bat. Hala, udalerriaren iragana eta oraina ikusmolde historikotik eta genero-ikuspegitik abiatuta ikustea ahalbidetzen digun mural polit baten hastapenetan lagundu dute», azaldu du Iñaki Totorikaguena udalerriko alkateak.
Nazio Batuak
Irantzu Lekuek azaldu duenez, «learning by doing kontzeptua abian jartzea izan da ideia» Iurretan, «ekintza egin bitartean kontzeptua barneratzea, alegia», azpimarratu du. «Herritarrek parte hartzeko teknikak eta ingurune estetikoak hobetzearen aldeko apustua abiarazi ditugu, baina ez estetikari dagokionean bakarrik, baita sozialki ere, zubiak eraikiz eta artea gizarte-eraldaketarako eramailetzat harturik», adierazi du. Kontzeptu horiek Ginebran eskuratutako eskarmentuaz eta kontzeptualizazio-mailaz baliatuta garatu dituela azaldu du Lekuek, Nazio Batuen egoitzan egonaldia egin baitzuen martxoan, Unesco Etxearen ondoan.
Sei euskal artista joan ziren haraino, Arantzazu Acha zentroko zuzendariak lagunduta. «Denbora asko daramagu gizarte-eraldaketaren arloan lan egiten, kulturako eta hezkuntzako hainbat eragilerekin elkarlanean, arte hutsa baloratzen duen eta artea eramaile edo tresna gisa erabiltzearen alde egiten duen ekosistema kultural berria sortzeari begira. Ginebran egindako egonaldiak jauzi kualitatiboa ekarri digu, aurrerapauso erraldoia egin baitugu proiektu asko zehazteko orduan, eta horien artean daude gizarte-eraldaketarako muralak. Eta, hain zuzen ere, horixe da Iurretan aplikatu duguna, komunitatearen barruko sokak indartzearekin eta eredu hori hirietan (Bilbon), herri txikietan (170 biztanleko Ubiden) edo neurri handiagoko herrietan (Iurretan) aplika daitekeela erakustearekin batera».
Azaldu duenez, «bizipen sortzaileetara hurbiltzen garenean, gure begirada aldatu egiten da, eta munduari begiratzeko moduari eragiten dio horrek; edota enpatiko ala ez hain enpatiko egoteari, beste errealitate batzuk ulertzeko prest egoteari…». Halaber, azaldu duenez, «pertsonek, gauzak ikasten dituzten neurrian, hirugarrenei transmititzen dizkiete». Gaineratu duenez, ahots adituak entzuteko gogoa dauka, bestelako errealitateetatik datozen eta, Nazio Batuen testuinguruan, arteari eta kulturari balioa ematen dieten ahotsak». Elssie Ansareo, Irene Basilio Intxausti, Irantzu Lekue, Leire Martínez, Jone Otero eta Arrate Velasco artistak eta kultura-kudeatzaileak joan ziren Ginebrara. NBEren Giza Eskubideen Kontseilura joan ziren, eta, han, Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseiluaren 37. bilera-aldian egon ziren.