Archives

IMG-20191218-WA0011

Arte Garaikidearen salerosketa sustatzeko hirugarren Neguko Arte Azoka Gasteizen

“Artisten erakuslehio izateko jaio ginen, artista eta publikoaren artean zubi berriak sortzeko eta artea oparitu nahi dutenentzako aukerak parez pare zabaltzeko”, azaldu du Kristina Urizarbarrena koordinatzaileak

GASTEIZ. ARTgia sorgune & aretoak azoka berriz abiatu du Gasteizko Neguko Arte Azoka “artearen salerosketa sustatu eta Arabako artisten erakuslehio izateko jaiotako azoka”. “Sortzaile plastikoentzako behar beharrezkoa zen azoka sortu dugu”, azaldu du Kristina Urizarbarrena koordinatzaileak.

“Hirugarren edizioa da. 75 arabar artista baino gehiago igaro dira urte hauetan azokatik eta urtero sortzaile berriak sartzen saiatzen gara. Judimenditik, Gasteizko erdialdetik gertu baino at dagoen auzo honetatik gabonei begira baina etorkizunari begira bereziki horrelako ekimen bat bideratzea erabaki genuen”, azaldu du Urizarbarrenak.

Erakusketa kolektiboa izango da eta bihar osteguna aurkeztuko “Artistek artelan ezberdinak izango dituzte eta helburua kultura erabiltzaileak bietara gerturatzea da, kultura kontsumitzea eta zuzeneko hartu emanak sustatzea publikoekin”

17 izango dira orotara erakusketa honetan parte hartzen duten artistak, besteak beste, Unai Echevarria, Lorea Morlesin, Maitane Argote, Iñaki Alvarez, Alba Tojo edo Uxue Ruiz de Arkaute edo ines gonzalez de zarate, besteak beste. Ibilbide ezberdinak dituzten artistak tartekatu nahi izan dugu. Ibilbide oso emankor eta ezaguna dituztenak daude baita emergenteak. “Esperientzia eta gaztetasuna. Arabako artisten oraina eta geroa. Horregatik ere ahalegin berezia egin nahi izan dugu formatu ezberdinak lortzen kultur erabiltzaileek ere pieza ezberdinak izan ditzaten eskura”, esan du.

Bi urte eta erdi daramatza ARTgia proiektua martxan. “Gure txikitasunean lan eta lan ari gara aukerak sortzeko, tokiko artista eta sortzaileei merezi duten lekua egiten laguntzeko. Dakizuenez, ARTgiak oinarrietan du feminismoa txertatua eta horregatik hirugarren aldia da Neguko Azoka abiatzen dugula”, azaldu du.

Edurne Herran
Bukatzeko eta ARTgia da deialdiaren baitan, Edurne Herran artista arabarrak tailer bat eskainiko du WECANDOIT erakusketa osatuko duten elementuak sortzeko. Azaroaren 28an burutuko da tailerra eta dohakoa izango da. Alemanian bizi da Herran eta Gasteizera egingo duen bisita profitatuz tailerra antolatu du ARTgian.
IMG-20191217-WA0001
IMG-20191218-WA0003
IMG-20191213-WA0050-copia

Hiru emakume artistek jaso dute ARTgia sorgunearen EmART deialdiaren babesa

Epaimahaiak bi akzesit emango ditu: Uxue Bereziartua diseinatzaileari eta Maitane Argote Guzman artista plastikoari

 Lehen aldiz, deialdia Gasteizko Udalaren Gazteria Sailak emandako babesari esker burutuko da

GASTEIZ. Bi urte eta erdi daramatza ARTgia proiektua martxan. “Gure txikitasunean lan eta lan ari gara aukerak sortzeko, tokiko artista eta sortzaileei merezi duten lekua egiten laguntzeko. Dakizuenez, ARTgiak oinarrietan du feminismoa txertatua eta horregatik bigarren aldia da EmART proiektua abiatzen dugula” azaldu du Almu Maeso ARTgia-ko kideak. Gasteizko Udalaren Gazteria Sailarekin elkarlanean aurrera aterako proiektua da lehen aldiz.

Yone Estivariz, Uxue Ruiz de Arkaute eta estibaliz Aguirre dira sarituak. Eurekin batera, epaimahaiak bi akzesit eman ditu: Uxue Bereziartua ilustratzaileari eta Maitane Argote Guzman artistari. Akzesit hauen bidez, erakusketa eta komunikazio zerbitzua izango dute aukeratutako artistek. “Arabako emakume* artiston lana ikustaraztea da deialdiaren helburua. Emergenteak direnak, mahaigaineratzea, aukerak zabaltzea. Horregatik plazera da guretzako EmART deialdiaren irabazleak publiko egitea”, nabarmendu du Maesok.

Aste batzuk iragan dira saritutako artistek ebazpenaren berri izan zutenetik eta ordutik ari dira lanean. “Orotara 23 proiektu aurkeztu dira eta oso pozik gaude bai aurreko urteko emaitzekin baita aurtengo proposamenek izan duten kalitate artistikoarekin”.

Yone Estivariz

Begirada horien atzean dauden sentimenduak asmatzen jolasteko tentazioa sentitzen du batek. Axolagabekeria, inguru grisa haietan sartu izan balitz bezala; etsipena txakurren eta artzainaren aginduen aurrean. Beldurra haien gainean hegan dabiltzan putreei. Bere salbazioa, bere kideak. Bai bikoteka, bai talde txikietan edo artaldean, baina ez bakarrik. Animalia taldekoiak dira. Eta lehen batek axolababekeria ikusten zuen lekuan orain lasaitasuna ikusten du, badakitelako lainoa desagertzen dela egunak aurrera egin ahala. Etsipenaren ordez, eskerrona gidariei. Beldurra beharrean, indarrarekiko konfiantza talde gisa.

Ziurrenik ez dute ez beltz ez zuri ikusiko. Ezta grisa ere, lainoak zerumuga lainotzen dien arren. Belar berdea ikusiko dute, eta horra zuzentzen dute begirada.

Uxue Ruiz de Arkaute

Eskultura eta arkitekturaren arteko zirrikituetatik jaiotzen da Uxue Ruiz de Arkauteren (Gasteiz, 1993) lana. Honela, kaleak eta hiriak pentsatzen dituzten ariketak eraiketa espazial afektiboetan itzultzen ditu. Izan ere, gure plaza, parke eta kale bazterrak, eredu patriarkalari jarraiki, ekonomian eta produktibitatean oinarrituz izan dira eraikiak eta ondorioz, gure kale iruditeriak oinarri ideologiko hauek betikotzen dituzte. Hala, egunerokotasunaren prekarizazioa bizitza egonkor baten gainean ematen delaren ideiaren aurka joz, bizitza berezkoa duen prekarietatea ulertzen duen lan honek, are gehiago ezegonkortuko gaituzten biziereduen eta hiri-ereduen aurka jotzen du. Ondorioz, hiri androzentriko batetik hiri zaintzaile baterako bidea ibili eta sentitzeko desiratik jaiotzen diren piezak, arteak berezkoa duen funtzionalitate eza bere alde erabiltzen dute, eraikuntza zein materialekiko harremantze emozional eta afektiboa areagotzearen baitan.

Estibaliz Aguirre Lopez de Munain

Bizi garen mundu honetan, erabat kontrolatuak, mehatsatuak, begiratuak gaude. Mugimendu automatikoek gidatzen dituzte gure gorputzak kaleetan barrena, robotak bagina bezala, pertsona bakoitza isolatuz, gure inguruan garrantzitsua dena ahaztuz.

Lanek, sare sozialetan jasotzen ditugun iritziek eta beste pertsonek gure askatasuna zapaltzen digutela sentitzen dugu; eta hala da. Zoritxarrez, askotan emakume izatearekin nahikoa da horretarako. Bakarrik horregatik ahulak, kaskarinak, astunak, sentiberak, politak, hutsalak, tuntunak garela ematen du.

Proiektu honetan, gizarteak agintzen duen normaltasun horretatik atera nahi dut, itsurazko ahulezia horretan eta inguratzen gaituen natura zaindarian oinarrituz; loreek erakusten duten itxura apurkorra eta finaren atzean indarra, grina eta boterea erakutsiz.

IMG-20191213-WA0048-copia
photo5868263256349585772

Gazteria Zerbitzuak gazte sortzaileentzako Gazte OK topaketa jarri du abian

“Kultur kezkak dituztelarik proiektu berriei ekiteko gogoa duten” 16 eta 32 urte bitarteko pertsonek har dezakete parte

Arreta berezia emango zaie emakumeek egindako sortze-lanei, Oitia Ortiz de Lazkano artistak, Sara Berasaluce argazkilariak, Maiela Zurutuza diseinatzaileak eta Ania Buruaga ilustratzaileak parte hartuko baitute

Abian da gazte sortzaileentzako Gazte OK topaketa. Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuak sustatutako ekimen berria azaroaren 15ean (ostirala) eta 16an (larunbata) egingo da, IDarten —garai bateko Betoñuko komentua— eta Bibat musoan. Almudena Maesok eta Aaron Fernández de Arroyabek koordinatu dute ekitaldia, zeinak ideia zurrunbilo bat biltzen baitu. “Zer egiten dugu Gasteizen sorkuntzaren alorrean mugitzen garen gazteok? Zertan ari gara lanean? Zeintzuk dira gure proiektuak? Zein sinergia sortu daiteke? Nortzuk dira protagonistak? Zergatik ez dago horiek batzeko tokirik? Zeren zain gaude amets berriak eraikiko dituen eta geroko proiektuen hazia izango den topaleku bat sortzeko?”.

“Kultur sorkuntzaren alorreko 16-32 urte bitarteko gazteak elkartu nahi ditugu programazio baten inguruan, aliantzak josi eta ikasteko aukera izan dezaten. Tresnak eman nahi dizkiegu beren ametsak lortzen laguntzeko. Eta, jakina, arte mota guztiak sustatu, norbera adierazteko eta errealizatzeko bidea den aldetik”, azaldu du Gazteriako zinegotzi arduradun Miren Fernández de Landak. Gazte Planak gazteentzako topaketa-ekitaldi bat antolatzea aurreikusten zuen 4.2 ildoan. Orain, Udalak gauzatu egingo du proposamena.

Antolatzaileek azaldu dutenez, GazteOK topaketak ekarpena egin nahi dio oraingo kulturaren testuinguruari, berrikuntza eta arte eta kultur aktibismoa abiapuntutzat hartuta. Horretarako, “pertsonen ahalduntzea lortu nahi dute, arlo soziala kontuan hartzen duen artearen eta kulturaren ikuspegia eskainiz eta haiekin batera sortuz.Ikertu, probatu, iradoki, esperimentatu, transmititu eta azkenean sortzearen aldeko apustua egiten du, pertsonak arte eta kultura proposamenen inguruan biltzearren, bitarteko tradizionalak zein teknologia berriak erabiliz”. “Aliantzak lotu eta sinergiak bideratu behar dira, herritarrek artea eta kultura zerbait propiotzat har ditzaten, kultura eskuratzeko oztopoak kenduz”, amaitu dute.

Gazte OK programa hiru fasetan egituratu da. Lehenengo, prestatze-jardunaldiak egingo dira: hamar lantegi, kultur jarduerak… Bigarren fasean, ikuspegi profesionalagoa gehituko da. Azkenik, jardunaldiak berak egingo dira, bi egunetan, sortzeko kezka duten gazteentzat bakarrik.

“Lantegi batez ere praktikoak antolatu ditugu, oinarrizko hiru alderdiri buruz: ekonomia (fakturazioa, BEZa, PFEZ), online eta offline komunikazioa, eta ideia artistikoen kontzeptualizazioa. Emakumeak artean eta kulturan ikusarazteari buruzko eztabaida ere irekiko dugu, jasaten dituzten kritikak eta presioak aintzat hartuta”, azaldu dute antolatzaileek. Beste jarduera batzuk ere izango dira: dokumental baten proiekzioa, kontzertuak, performance bat… “Erdi Aroko hirigunetik atera nahi izan dugu, eta gure jarduerak hiriko beste leku batzuetara eraman: Espazioa, Pilarren; Orbain, Koroatzean; ARTgia, Judimendin; Arkaiate Kultur Espazioa, Salburuan, eta IDarte, Betoñuko garai bateko komentuan. Emaitza ezberdinak lortu nahi ditugu, eta era ezberdinean lan egitearen alde egin dugu”, azaldu dute.

Egitaraua:

Prestakuntza. Artisten ekonomia

Artisten ekonomiarekin lotutako prestakuntza praktikoa, urriaren 13an, 18.00etan hasita.  Aaron Fernández de Arroiabek BEZaren, PFEZren edo fakturaken nondik-norakoak azalduko ditu.

Prestakuntza. Portafolio eta statementak

ARTgia sorgune & aretoa-rekiko lankidetzan, Kultur ACT-k prestakuntza praktikoa eskainiko du lan-sorta eta adierezpenei buruz, urriaren 24an, 18.00etan hasita. Ideiak nola kontzeptualizatu eta proiektuetan nola islatu landuko da.

Urriaren 25ean, 18.00etan hasita, komunikazio aditu Iñaki Landak online eta offline komunikazioari buruzko prestakuntza praktikoa eskainiko du.

Esku-hartze artistikoa. Urriaren 31n. Arkaiate espazioan

Esku-hartze artistikoa Arkaiate auzoan.        “Jam formatua”, zuzeneko musikaz.

Girls! to the front hitzaldia:

Arabako hiru emakume artista eta sortzailek arte prozesua nola bizi duten azalduko dute, emakumeen* ikuspuntutik. Solasaldia azaroaren 6an izango da, ¶espazioa aretoan, 19:00etan.

NAKBAren kontzertua, Orbain kultur elkartean

Gasteizko rock taldea, hardcore ukituak dituena. Orbain kultur elkartean joko dute, jardunaldien aurretik giroa sortzeko.  Talde gaztea da, eta gai berriak aurkezteko baliatuko dute kontzertua. Kontzertua 20:00ean hasiko da.

GazteOK jardunaldiak. Azaroak 15, goizez

Hasteko, solasaldiak izango dira Bibat museoan. Gai hauek aztertuko dira: kultura berrikuntzari buruzko esperientziak, kultura Europan… Garaion, Teklak, eta beste  entitate batzuk izango dira parte-hartzaileen artean.

GazteOK jardunaldiak. Azaroak 15, arratsaldez

Diziplinen arteko ibilaldia: Nerea Garces argazkilari gaztearen argazki-erakusketa, kontzertu bat formatu txikian, eta arte-lan bat. 19:00etan hasiko da, Fariñasetik.

GazteOK jardunaldiak. Azaroak 16, goizez

Bibat museoan izango da azken jardunaldia.  Gasteiz eta Arabako zenbait emakume artista, sortzaile eta kultur kudeatzailek hartuko dute parte. Parte-hartzaileen artean sinergia sare bat sortzea da asmoa.

GAZTEOK-kartela-2019
photo5868263256349585771