Epaimahaiak bi akzesit emango ditu: Uxue Bereziartua diseinatzaileari eta Maitane Argote Guzman artista plastikoari
Lehen aldiz, deialdia Gasteizko Udalaren Gazteria Sailak emandako babesari esker burutuko da
GASTEIZ. Bi urte eta erdi daramatza ARTgia proiektua martxan. “Gure txikitasunean lan eta lan ari gara aukerak sortzeko, tokiko artista eta sortzaileei merezi duten lekua egiten laguntzeko. Dakizuenez, ARTgiak oinarrietan du feminismoa txertatua eta horregatik bigarren aldia da EmART proiektua abiatzen dugula” azaldu du Almu Maeso ARTgia-ko kideak. Gasteizko Udalaren Gazteria Sailarekin elkarlanean aurrera aterako proiektua da lehen aldiz.
Yone Estivariz, Uxue Ruiz de Arkaute eta estibaliz Aguirre dira sarituak. Eurekin batera, epaimahaiak bi akzesit eman ditu: Uxue Bereziartua ilustratzaileari eta Maitane Argote Guzman artistari. Akzesit hauen bidez, erakusketa eta komunikazio zerbitzua izango dute aukeratutako artistek. “Arabako emakume* artiston lana ikustaraztea da deialdiaren helburua. Emergenteak direnak, mahaigaineratzea, aukerak zabaltzea. Horregatik plazera da guretzako EmART deialdiaren irabazleak publiko egitea”, nabarmendu du Maesok.
Aste batzuk iragan dira saritutako artistek ebazpenaren berri izan zutenetik eta ordutik ari dira lanean. “Orotara 23 proiektu aurkeztu dira eta oso pozik gaude bai aurreko urteko emaitzekin baita aurtengo proposamenek izan duten kalitate artistikoarekin”.
Yone Estivariz
Begirada horien atzean dauden sentimenduak asmatzen jolasteko tentazioa sentitzen du batek. Axolagabekeria, inguru grisa haietan sartu izan balitz bezala; etsipena txakurren eta artzainaren aginduen aurrean. Beldurra haien gainean hegan dabiltzan putreei. Bere salbazioa, bere kideak. Bai bikoteka, bai talde txikietan edo artaldean, baina ez bakarrik. Animalia taldekoiak dira. Eta lehen batek axolababekeria ikusten zuen lekuan orain lasaitasuna ikusten du, badakitelako lainoa desagertzen dela egunak aurrera egin ahala. Etsipenaren ordez, eskerrona gidariei. Beldurra beharrean, indarrarekiko konfiantza talde gisa.
Ziurrenik ez dute ez beltz ez zuri ikusiko. Ezta grisa ere, lainoak zerumuga lainotzen dien arren. Belar berdea ikusiko dute, eta horra zuzentzen dute begirada.
Uxue Ruiz de Arkaute
Eskultura eta arkitekturaren arteko zirrikituetatik jaiotzen da Uxue Ruiz de Arkauteren (Gasteiz, 1993) lana. Honela, kaleak eta hiriak pentsatzen dituzten ariketak eraiketa espazial afektiboetan itzultzen ditu. Izan ere, gure plaza, parke eta kale bazterrak, eredu patriarkalari jarraiki, ekonomian eta produktibitatean oinarrituz izan dira eraikiak eta ondorioz, gure kale iruditeriak oinarri ideologiko hauek betikotzen dituzte. Hala, egunerokotasunaren prekarizazioa bizitza egonkor baten gainean ematen delaren ideiaren aurka joz, bizitza berezkoa duen prekarietatea ulertzen duen lan honek, are gehiago ezegonkortuko gaituzten biziereduen eta hiri-ereduen aurka jotzen du. Ondorioz, hiri androzentriko batetik hiri zaintzaile baterako bidea ibili eta sentitzeko desiratik jaiotzen diren piezak, arteak berezkoa duen funtzionalitate eza bere alde erabiltzen dute, eraikuntza zein materialekiko harremantze emozional eta afektiboa areagotzearen baitan.
Estibaliz Aguirre Lopez de Munain
Bizi garen mundu honetan, erabat kontrolatuak, mehatsatuak, begiratuak gaude. Mugimendu automatikoek gidatzen dituzte gure gorputzak kaleetan barrena, robotak bagina bezala, pertsona bakoitza isolatuz, gure inguruan garrantzitsua dena ahaztuz.
Lanek, sare sozialetan jasotzen ditugun iritziek eta beste pertsonek gure askatasuna zapaltzen digutela sentitzen dugu; eta hala da. Zoritxarrez, askotan emakume izatearekin nahikoa da horretarako. Bakarrik horregatik ahulak, kaskarinak, astunak, sentiberak, politak, hutsalak, tuntunak garela ematen du.
Proiektu honetan, gizarteak agintzen duen normaltasun horretatik atera nahi dut, itsurazko ahulezia horretan eta inguratzen gaituen natura zaindarian oinarrituz; loreek erakusten duten itxura apurkorra eta finaren atzean indarra, grina eta boterea erakutsiz.