20 argazkik eta mosaiko erraldoi batek osatzen dute erakusketa
“Garaiko argazki kamara batekin egin ditut argazkiak, oihal beltz bat behar duten horietakoa. Kamara handi eta pisutsuarekin burutu nahi izan dut proiektua moteltasuna ederra dela aldarrikatzeko”
GASTEIZ. “Basoratu” argazkigintza sorkuntza garaikidea eta Shinrin Yokua (basoan ibiltzea eta gure zentzumenen bitartez naturarekin konektatzean datzan jardunbide japoniarra) bateratzen dituen proiektua da.
Lan honek zenbait bizi-beharrei erantzuten die: eguneroko erritmoa moteltzeari, gelditzeari eta bide batez gure bizimoduaren inguruan gogoeta egiteari.
Proiektu honen jatorria basoan bizi izandako zentzumen-bizipenetan eta ondorioz izandako erantzun emozionaletan dago. Hildo honetan, Basoratu proiektuak gogoeta egitera gonbidatzen gaitu eta aldi berean pentsamendu kritikoa eta gizakion ahalduntzea sustatzen ditu.
Moteltasunaren eta honen edertasunaren aldeko alegatu bat.

