iF Matxikote

Laia (Hirisildua XXVI)

Azalpena

Zuria nagusi den arte lan bat da Laia. Horren azalera osoan zehar bi hankadun forma geometrikodun erliebe bat luzatzen da, behetik gora. Lerro zabalekoa da, artetan zirkulu zabalak dituena. Bere baitan, eremu gorriak daude, sakabanatuta. Marra horiak daude eremu gorri horien baitan, baita horien artean ere, materian grabatuak, sare bat osatzen. Forma geometrikoaren ingurune osoa zuri beixago batez eginda dago eta zenbait lauki eta marren aztarna agerian uzten digu. Obrak koadro beltz zabala du. 

Arte lan hau ez da abstraktua, alderantziz, ezin figuratiboagoa da. Izan ere, forma geometrikoa herri funtzionaletan eraikitzen dituzten biribilgune eta kale-itsuez osaturiko bide antzuetan oinarritzen da. Bazterretan dauden lauki eta marrek, berriz, etxetxoak, etxe indibidualak eta beren baratzetxoen hesiak, irudikatzen dituzte. Indarrean den Sistemak bultzatzen duen Lurraren pribatizazio eta artifizializatzearen irudikapena da. Koadro beltza isolamenduaren ideia indartzera dator. 

Eredu horren kontratesi gisa, 5 herri agertzen dira, gorriz. Koloreak zuritasuna hausten du, berotasuna eta gizatasuna adierazi nahi baititu. Herri horietan kale itsurik ez dago, kale sarea baizik. Neurri ezberdinetakoak izan arren nahiko orekatuak dira. 

Hau da COVID-19 Pandemiaren ondotik oinarri gisa berrartzea gustatuko litzaidakeena, hots, gizakia jendarte egitasmoaren erdigunean kokatzea, beti ere gure burua Naturaren baitan eta horren begirunean jarriz. Laia du izen obra honek eta denbora berean, oker samarra denez, baita ateratzen zaizkion kale itsuen irudikapenengatik ere, oinezko baten forma ekartzen du gogora. Baserri giroa eta hiriko giroa sinbiosian ekartzen dituela dirudi, hain zuzen, herri funtzionalen etxe indibidualen/indibidualisten lur-gose ase ezina bi horien kalterako garatzen denean. 

Paisaia orbantzen duten etxetxoen ereduak hondamendi ekologikoan, sozialean, kulturalean, ekonomikoan du eragin. Hizkuntzen aniztasunaren kaltean dagoenaren zantzu handiak daude ere bai, hurbileko harremanak murrizten edo eteten dituen heinean. 

Hiri antolaketak aldiz, neurri txikitik hasita ere, kontrakoa berma dezake: jende harremana, kutsadura apalagoa, natura eta nekazaritza eremuak babestea… hots, herrian bertan hazi, bizi eta lan egiteko aukera ematen du. Gainera badugu, gaur egun, nahiko esperientzia eta teknologia-maila hiriak jasangarriagoak izateko. Horrek, guztioi gure herrian aukera berdinak izateko bidea emanen liguke, lekuan lekuko berezitasunekin. 

Hortaz, ez zait iruditzen alor digitala Aldaketaren oinarria izan daitekeenik, funtsean bitarteko bat baita, azpiegituren baitan bere garrantzi maila izanen duen arren, eta gizadiak bizitzeko hartuko edo atxikiko duen filosofia orokorraren arabera garatuko baita. Gaur egun oinarrizko eskubideen begirunetik urrun gaude oraindik (hizkuntza eskubideak, etxebizitza eskubidea, mugimendu eskubidea…). Ez zait iruditzen, pandemia horren aitzakia harturik entzundako asmoetan, horren hobetzera goazenik. Errepresio eta kontrol Mundu batean bizi garen honetan, askok “Demokrazia” deitu arren, mundu digitala jende xumeen menperatzeko beste arma bat, behar ba gero eta beldurgarriena, bada. 

Pandemia honetatik aterata, sare numerikoa baino lehen hurbileko sare fisiko deszentralizatua sortzean eta indartzean jarri beharko genuke eginahal guztia, horren baitan eta, besteak beste, kultura eskaintza bertatik bertara gozatzeko aukera emanen ligukeenean. 

Obraren fitxa teknikoa

Obraren izena: Laia (Hirisildua XXVI)

Teknika: Teknika mistoa: emokatzekoa, margo akrilikoa, beiraztatzeko matea.

Neurriak: 188 x 109 cm

Egilea: iF

Prezioa: 1.215,50 €

 

Aztarnak (I – VI)

Azalpena

Aztarnak obra koadriptiko bat da edo, hobe esanda, lau urratsetan eta euskarritan garatzen den obra bera. 

Lau parteek antzeko osaketa dute: eremu zuri handi bat eta, goialdean, lehen erdialdean, halako eremu laranja. Arte lan oso materiadunak dira, erliebearen antzetik badute eta, koadroz-koadro aldatuz doaz. I. piezan eremu zuriak materia asko du, tonu gris eta beixekin. Eremu laranjaren bazterrean zenbait laukitxo eta marra grabatuak daude. Aipatu eremu laranja horretan hain zuzen, bolumenezko forma batzuk ateratzen dira, laukia dutenak oinarri. Hurrengo piezetara jauzi egitean bi eremu horiek aldatzera doaz. Eremu zuria gero eta leunagoa da eta laukitxoak zein marra grabatuak geroz eta gehiago daude. Bitartean, eremu laranjak gorabeherak ditu; lehenik hazi eta ondoren, partez, desegin egiten delarik. 

Obra hau Laia obraren serie berekoa da: Hirisilduak. Hemen, jendarte antolaketak hirigintzaren bidez naturarengan duen eragina agerian utzi nahi izan dut. Mila urtetan hiriak eraiki genituen, hiri biziak. Azken mende gutxitan aldiz, hiriak desegituratu eta “hiri funtzionalak” deiturikoak sortuz joan gara. Jabetza pribatuaren muturreko apologiarekin denona dena (eta ez soilik gizakiena) bakarrarena bilakatu dugu; guztiongan izan dezakeen ondorioa, kaltea, kontuan hartu gabe. Etxe indibidualekin askatasun ametsa betetzen omen da. Alta, horrek gure munduaren suntsipena azeleratzen du. Zer uzteko? Hirian kale hutsak eta Natura gehiagorik ez… etxetxoak eta eremu pribatuak denetan. 

Laia (Hirisildua XXVI) izeneko obraren azalpenari eransten zaion irakurketa da hau, COVID-19 pandemiak begiak irekitzeko balioko badigu, gure akatsak non dauden ohartzeko lagungarri izanez. 

Obraren fitxa teknikoa

Obraren izena: Aztarnak I – IV

Teknika: Teknika mistoa: emokatzekoa, margo akrilikoa, beiraztatzeko matea.

Neurriak: 97 x 58 cm (x 4)

Egilea: iF

Prezioa: 1.029,60 €

iF-ek (Yves Matxikote Jorajuria, 1977) batez ere tinduan garatzen badu ere bere desmartxa, Baionako eta Bordaleko Arte Ederretako goi eskoletan euskarri eta teknika ezberdinak probatzeko barneratu zuen ohiturarekin segitzen du.

Funtsean ez zaio gustatzen ez arlo batera ez estilo batera mugatzea. Esploratzea du gustuko eta ikerketa horretan gaiak du garrantzia.

Arte engaiatua garatzen du. Jendartea eta gizakiaren baldintzak ditu inspirazio iturri.

Gauzak bizitzen dituen bezala, zeharkako biderik gabe, gordinki, ekartzen ditu; eta bere munduan murgiltzen laguntzeko formatu handiak ditu gogoko.

Gizakiak margotzen eta soldatzen dituenean, gu margotzen eta soldatzen gaitu. Ingurumena eta hiria modelatzen dituenean, gu jartzen gaitu erdigunean.

Zer gara? zertan ari gara? guhaur, gure jendartea, agintzen dugunok, jasaiten dugunok? Zer ondorio ditu edozerk gure bizian, gure larruan eta ondokoenetan?

Galderak atertu gabe eta erantzun aukerak beste horrenbeste, irudikapen bideak nahi beste.

Arrak eta Garrak (2011), Isilduak (2012-2019), Hirisilduak (2018-) eta etorriko direnak zentzu horretan kokatzen diren puzzle baten piezak dirudite… Hausnarketaren eiherari goroldioa atera ez dakion eta itaunak zintzurrean ito ez daitezen piezak.

Gauzak ezberdinak izan daitezkeelako beti.

Email:  if@if-matxikote.eus

Instagram: @if_artista

Si bien iF (Yves Matxikote Jorajuria, 1977) desarrolla sobre todo en tinte, continúa con la costumbre de probar diferentes soportes y técnicas en las escuelas superiores de Bellas Artes de Bayona y Bordal.

En el fondo no le gusta limitarse a un área ni a un estilo. Le gusta explorar y en esa investigación importa el tema.

Desarrolla un arte comprometido. Se inspira en la sociedad y en las condiciones del hombre.

Tal y como vive las cosas, las trae sin medios indirectos, brutalmente, y le gustan los grandes formatos que le ayudan a sumergirse en su mundo.

Cuando el ser humano pinta y suelta, a nosotros nos pinta y nos suelta. Cuando modeliza el medio ambiente y la ciudad, nos pone a nosotros en el centro.

¿Qué somos? ¿Qué estamos haciendo? ¿Qué consecuencias tiene cualquier cosa en nuestra vida, en nuestra piel y en la de los demás?

No se atascan las preguntas y las opciones de respuesta sean tantas como se quiera.

Machos y Fuegos (2011), Silenciados (2012-2019), Hirisilduak (2018-) y los que vendrán parecen piezas de un puzzle que se enmarcan en ese sentido … para que no se saque el musgo a la jungla de la reflexión y no se ahoguen en la garganta los interrogantes.

Porque las cosas pueden ser siempre diferentes.

Email:  if@if-matxikote.eus

Instagram: @if_artista