Proyecto: “AusARTu”

Beca Ikertu Gobierno Vasco

HASIERAKO IDEIA, HIPOTESIA edo KONTZEPTUA

“Duela urte batzuk, bortxatu egin ninduten. Inoiz ezin izan dut aho betean adierazi. Hasieran, ezkutatu egin nuen; are, gertatu ez zela sinestarazi nahi izan nion neure buruari. Urteekin batera, horri buruz hitz egin ahal izan dut, eta bizitzan eman dudan pauso bakoitza baldintzatu duen zerbait izan dela ikusi ahal izan dut. Beldurrak, ziurgabetasunak, amesgaiztoak… eragin dizkit, eta pertsonekin harremanak eraikitzeko modua ukitu dit. Sortze esperimentala funtsezkoa izan da nire bizitzan; izan ere, horren bidez adierazi ahal izan dut hitzez esan ezin nuen hori.”

Irantzu Lekue

 

Zoritxarrez, maiz izaten dugu bortxaketen edo erailketen berri, bai eta emakumeen aurkako tratu txarrengatiko edo erasoengatiko salaketen berri ere.

Moda, edertasun-kanonak, emakumeei ezarritako hauskortasuna. Bidegabekeriak lan-eremuan, ez-gaikuntzak, soldata txikiagoak, kristalezko sabaia. Historiak albo batera utzi ditu emakumeek egindako aurkikuntzak, aurrerapenak eta sorkuntzak, edo, bestela, gizonei egotzi dizkie horiek. Egun, apenas dakigu ezer emakume horiei buruz, eta, jakina, ez dauzkagu erreferente gisa.

Norberaren buruaz aritzeko eta norbera garatzeko gunea da artea, baina baita besteekin elkartzekoa, gizarteak parte hartzekoa eta lanekoa ere. Askotariko oztopoak eta zailtasunak (fisikoak, harremanen ingurukoak, komunikazioari dagozkionak) gainditzea ahalbidetzen die arteak pertsonei, baita egoera bidegabeak, bestelako aukerak eta abar modu eraginkorrean komunikatzea ere. Hori dela-eta, pertsonek artearen bidez adieraz dezakete barrukoa, eta pertsona gisa hazten jarraitu, beren egoera eraldatu eta gizartean eragin.

Emakumeen lan artistikoa ikusgarriagoa egiteko, indarkeriak uzten dituen aztarnak salatzeko eta berdintasuna sustatzeko asmoz, emakumeen talde bat bildu dugu, eta elkarrekin nahasi gara proiektu esperimental batean. Zaurgarritasun-sentimendu batzuk bideratu ditu proiektu horrek, eta indar bilakatu.

Michelangelo Pistoletto artistak “Cittá dell´arte” proiektua abiarazi zuen Italiako Piamonte eskualdean, eta, horren bidez, giza kondizioaren esfera guztiekin elkarreraginean jarri zuen artea, gizartean aldaketa arduratsua pizte aldera, sormenezko ideia eta proiektuen bidez. Bada, proiektu horretatik abiatuta sortu zen “AusARTu”, gizartea berritzeko laborategi esperimental-artistikoa. Inklusioa indartzea eta gizartea eraldatzea da laborategi horren helburua, berdintasunari eta emakumeak gizarteko eremu guztietan ahalduntzeari dagokionean. Bai laneko eremuan, bai eremu pertsonalean eta sozialean.

Lagin esperimental, aldarrikatzaile eta sentikor horiek proiektu komun batean kalera ateratzea lortuko duen proiektua garatzeko abiapuntua izan dira egindako prototipoak, ikusgarri eginez gatazkan dauden emakumeen lan artistikoa nahiz emakumeen lorpen handiak, eta emakumeek oraindik ere jasaten dituzten bidegabekeria sozialen gaineko kontzientzia piztuz.

Euskarri ezberdinetan sortuz, parte hartu duten emakumeen taldeak bizi izan dituen/ditugun bizipen traumatikoak bideratzeko saiakera egin da, artelan horiek gizarteari erakusteko gero, eta hausnarketak, zalantzak, jarrerak eta baieztapenak pizteko xedez. Gero, biltzarren eta hitzaldien bidez aztertuko dira, eta prototipoan editatzen hasi den liburuaren edizio grafikoa osatuko dute horiek.

Emakumeen ahalduntze-mezua transmititzea izan da eta da xede nagusia, partikularra denetik kolektiboa denera igarota, genero-berdintasuna sustatuz, emakumeen aurkako indarkeriaren inguruko kontzientzia herritarrei zabalduz, errespeturantz heziz eta emakumeen sormen- eta adierazpen-boterea ikusgarri eginez.

Prozesuetan egon da proiektuaren zatirik garrantzitsuena, eta, beraz, ildo horri jarraitu behar dio prozesuaren jarraipenak ere. Etengabe garatzen ari den proiektua dugu hau, eta, hortaz, prozesuan eta egindako urratsen arrazoiketan zein azterketan oinarritzen dira proiektuaren balioa eta garrantzia.

Prozesuan sortu diren sinergien bidez esperimentatu da, eta teknologia berriekin elkartu dira teknika tradizionalak: paisaia soinudunak, bideo-proiekzioak, bideo-mappinga, margoa, itzal-antzerkia eta egiturak, bai eskultorikoak bai arkitektonikoak, adierazpide gisara, eskala txikian. Proiektuaren prototipatua diziplina anitzekoa izan da, eta euskarri, teknika eta praktika artistikoekin, psikologiaren eremukoekin eta gizarte-lanekoekin esperimentatu da, bizipen traumatikoak bideratzeari begira, sorkuntzaren bidez aztertzeko parte-hartzaile bakoitzaren inplikazioa, interrelazioa eta indartzea.

Bestalde, kontzeptuak gizarteari modu eraginkorrean helarazteko metodoak ikertu dira, eta, espazio publikoak birgaitzeaz gain, genero-indarkeriaren inguruko kritikotasun-gaitasuna eta hausnarketa sustatu dira.

 

INTERESA

Esperimentazioaren bidez, genero-indarkeria jasan duten edo genero-indarkeria hurbiletik bizi izan duten emakumeen talde batekin (hainbat nazionalitatekoak horiek) egin da lan, eta, artearen bidez:

  • Sentimenduak eta bizipenak azaleratu dira.
  • Bizipen traumatikoak eduki dituzten beste emakume batzuekin eta beren ingurunearekin elkartzeko, komunikatzeko, adierazteko eta birkidetzeko bideak eskaini dira.
  • Gizarteak parte hartzeko gunea eratu da, bai eta sentsibilizazioaren, salaketaren eta alternatiben proposamenaren bidez gizartea eraldatzeko funtsezko tresna eratu ere, eskala txikian.
  • Gaitasunak eta adierazpena garatzeko eta autoestimua zein norberaren historia berreskuratzeko bidea eratu da.
  • Proiektuan parte hartu duten emakumeek sostengua sentitu dute, bai adierazpenak bideratzeko sistema eraginkor baten bidez, bai taldeko lanaren bidez, bai baliabideak eta independentzia eskuratzeko metodologia okupazional baten bidez.
  • Bi erakusketa eta dinamizazio egin dira ARTgia areto & sorgunea aretoan, saioetan egin diren lan batzuk erakusteari bideratutakoak biak, gizartea kontzientziatzeko xedearekin. Alabaina, proiektua harago doa, eta problematika hori espazio publikoan ikusgarri egitea lortu nahi du, gizarte orokorraren ikusgarritasun handiagoa lortzeko asmoz.

Hortaz, esperimentazioaren eta partekatzearen ondorioz suertatu diren proiektuak, prototipoak edo maketak handitu eta proiektatu egin beharko dira, edo bide publikoan erakutsi, modu performatiboan, kaleak dinamizatuz, hausnarketa sustatuz eta kontzientzia sortuz, hiriko guneak birgaitzeaz eta kultura-interesa sustatzeaz gain.

 

BALORAZIOA – BETE DIREN XEDEAK:

Norberaren eta ongizatearen garapena

Sentsibilizazioa eta salaketa (orain arte, modu partikularrean eta kolektiboan, eskala txikian)

Emakumeek sortutako kultura-adierazpenak ikusaraztea

Emakumeen parte-hartze soziala sustatzea

Harremanak sustatzea

Trebetasun artistikoen gaikuntza, ezagutza eta garapena – Adierazpen artistikoa bultzatzea

Antolatzeko modua eraldatzea

 

BETETZEKO DAUDEN XEDEAK:

Espazio publikoa hobetzea eta eraldatzea

Sarbidea, enplegua eta lana

Artearen bidez baliabideak eta finantzaketa jasotzea

 

EKARPENAK – GIZARTEAN IZAN DUEN INPAKTUA:

Lantaldea sortzea eta bertako kide izatea

Beldurrak, ikarak eta lotsak gainditzea

Sormena bultzatzea

Konfiantza lortzea lantaldearen barruan

Hitzik gabe adieraztea bizipen traumatikoak (batzuetan, baita ahoz ere)

Sentimenduak kanporatzea

Sentimenduak sormenezko objektu bihurtzea

Genero-indarkeriaren inguruko debateak

Irtenbidea hezkuntzan eta arazo hori ikusgarri egiteko borondatean dagoela egiaztatzea (beti edo gehienetan, anonimatuan)

Sormen-ahalean ahalduntzea

Parte-hartzaileen segurtasuna

Ekimen honek ez du inpaktu mediatikorik nahi izan. Helburua beste bat izan da.

import_13941626_11
IMG-20170820-WA0005
IMG-20170820-WA0004