Uraitz Soubies argazkilariak Hamar urte eta lurrikara bat erakusketa aurkeztu du ARTgian

  • Uraitz Soubies argazkilariak Hamar urte eta lurrikara bat erakusketa aurkeztu du ARTgian

Puebla-ko -Mexiko- lurrikararen lehen urteurrena beteko da asteazkenean. Data probestuko du argazkilari gasteiztarrak argazkien bidez bertan gertatutakoaz hausnartzeko. Ez da lehen aldia. 1985 urtean ere lurrikara jazo zen Mexikon hilaren 19an. 4,6 gradutako lurrikara izan zen iragan urtekoa eta 362 hildako eta 3000-tik gora zauritu utzi zituen. Uraitz Soubies bertan zen. Kamara hartu eta “10 urte eta lurrikara bat” erakusketa sortu du, “lurra, ura, iragana eta etorkizuna ditu hizpide”. Hilaren 29a bitartean egongo da ikusgai ARTgia sorgune & aretoan.

GASTEIZ. Duela hamar urte heldu zen Mexikora Uraitz Soubies (Gasteiz, 1981), zinema, argazkilaritza eta arte zuzendaritzan aritzeko gogoak bultzaturik. Zorionez, iritsi eta puska batera hasi zen zinema munduan lanean. Horri esker, gauza pila bat ikasteko aukera izan du, era praktiko eta autodikatiko batean. Mexikok, eta Uraitz inguratu duen jendeak, “formatu nau, ez bakarrik nire kameraren bidez gauzak ikusteko dudan eran, baita etorkizunari, bizitza eta heriotzari, iragana eta orainari aurre egiteko moduan ere”.

Gauzak horrela, bere sorterri “babazarro-pataterora egin dudan bidaia honetan, nire hiriari, eta argazki-erakusketara datorren edonori, Mexikon eman ditudan hamar urte hauetako pusketa bat erakutsi nahi diot, tartean, zoritxarreko lurrikara handi eta suntsitzaile hura ere”.

“Hamar urtez egin ditudan argazki guztietatik gutxi batzuk aukeratzea ez da erraza izan”, aitortu du Soubiesek. Azkenean, bildumatxo bat osatzea lortu du, bertan, “nire ustez, Mexikon sumatu ahal diren sentsazio ugari transmititzen dira: hondartza eta uraren lasaitasunetik munduko hiri populatuenetako baten kaos eta bakardadera”. Irantzu Lekue, ARTgia sorgune & areto-ko zuzendariak nabarmendu du “erakusketa oso orekatua” sortu dutela “lurrikaratik haratago herri eta hirietako bizitzan erreparatzen duena, erabateko suntsipenaren gainetik, bizitza eta aurrera jarraitzeko izpiritua islatzen duena.

Azaldu duenez, Mexiko, hamar urte eta lurrikara bat, azkenean, “nik herrialde hari egiten diodan omen edo aitortza bat da, berak ahalbidetu didan hazkunde pertsonal, profesional, fotografiko eta zinematografikoari zor”. Izan ere, bera gabe, niretzat dena baitzatekeen ezberdina, edo are okerrago, inoiz ez zatekeen izango. “Erakusketa honekin, espero dut eguneroko Mexiko, apala, lasaia, solidarioa zuri, ikusle, ekartzea. Mexiko intimoago bat”.

BIOGRAFIA

Uraitz Soubies Gasteizen sortu zen, 1981ean, Euskal Herrian. Analogikotik digitalerako trantsizio teknologikoa gertatu zen aroan haztea egokitu zitzaion: kaleko jolasetatik bideo-jolasetara. Txiki-txikitatik, euskal musika tresna eta soinuek eragiten zioten liluraz gain, argazki kamerak maite izan zituen, inoiz berriz gertatuko ez diren uneak harrapatu eta dokumentu ikusgarri bihurtzeko. Denborak aurrera egin eta argazkilaritzarako interesa areagotu zitzaion, ondoren, zinema munduan lanean hasiz gero, era autodidakta batean perfekzionatu zuen.

Duela hamar urte, Uraitzek Gasteiz, bere sorterri txikia, utzi eta Mexikora joan zenean, aukera izan zuen zinema eta telebistako lana mundua eta inguratzen zuten pertsona eta egoerak dokumentatzeko pasioarekin bateratzeko. Horrela bere teknika eta begi fotografikoa garatu zituen. Bestalde analogikotik digitalerako trantsizio aroan jaio izana gakoa izan da Uraitzek argazkiak egiteko bi era horiek ere txandakatu ditzan: lasaiagoa, erlaxagarriagoa, motelagoa den analogikoa eta azkarragoa, bat-batekoagoa, aukera anitzagoak ematen dituen digitala. Bi teknikak erabiliz Uraitzek jarraitzen du eguneroko uneen argazkiak egiten, bere inguruan gertatzen direnak, norberaren baitan geratzen diren oroitzapen, sentsazio, zapore, istorio, zer edo zer hori transmititzen duten irudien bila.

Uraitzek ikus-entzunezko egitasmo askotan esku hartu du, argazkilari gisa batzuetan, arte-zuzendari besteetan. Arlo honek ere liluratzen du, izan ere, estu loturik dago argazkilaritzarekin.

Gaur egun, Uraitzek Mexiko Hirian bizi eta lan egiten du, kutsadura, trafiko, kaos eta miloika istorioren artean, hor daudenak noiz harrapatuko zain.

WhatsApp Image 2018-09-17 at 08.00.55