Judimendi auzoko ARTgia aretoan egongo da ikusgai azaroaren 17a bitartean. Hilerriaren kontzeptua lantzen dute artistek azaroan.
27 DinA3z osatutako muntai fotografiko aurkeztu dute Santa Isabel (Vitoria-Gasteiz) hilerriaren planoaren oinarri hartuta
GASTEIZ. Sara Rodriguez eta Alazne Payueta artista gasteiztarrek ARTgia aretoa hartu dute azaroaren 17a bitartean. `Hilarria´ erakusketa aurkeztu dute, “hilerriaren ideiarekin bat egiten duten hainbat obra aurki ditzakegu”. Zentzu honetan, ARTgia aretoa eskulturen eta muntai fotografiko baten etxea bilakatu dute. “Espazioaren antolaketak, nola aurkezten diren piezak espazioan eta hauen ezaugarri formalek hilerriaren ideiara berreramaten gaituzte”, azaldu dute.
“Begirada azkar batean, forma geometrikoak eta errepikapena nabarmentzen direla egiaztatzen dugu”. Materialen aldetik, porlana eta lore lehorrak dira eskulturen protagonistak; material xumeak. Material hauen materiaren bila goaz, lore lehorretan azaleratzen den pintura bizia arakatuz. Hauez gain, beste hainbat elementu aurki ditzakegu aretoan, besteak beste, soka, gortina eta altzairua. Hauek lekua estrukturatuko dute piezen arteko harremanak sortuz. “Interesgarriak aurkitu ditugu pieza horietan eman diren errealitate plastiko ezberdinak eta horrek eraman gaitu leku espezifiko bat eskaintzera pieza horiei. Leku bat munduan izaten uzteko. Horrela nolabait balore bat ematen diegula uste baitugu”.
Eskulturak “santuaren ideiatik jaiotzen dira, santuaren kontzeptua bere zentzurik zabalenean ulertuta”. “Ideia honetatik, iraunkortasuna interesatzen zaigu; sortze -zein eraikitze- prozesuan azaleratu zaizkigun edertasun izpi batzuen erregistroak dira azaltzen zaizkigun obrak”. Edertasuna itsusitasunean aurkitu, deskonposizioan zein lore lehorren heriotzan. Bilaketa horrek bultzatzen du gure sortze prozesua. Bestalde, eraiketan trinkotasuna gailenduko da; trinkotasun dinamiko bat, non pisu sentikorra beti gorantza doan.
Amaitzeko, 27 DinA3z osatutako muntai fotografiko aurkitzen dugu. Pieza honen konposizio estrukturala eta materiala dela eta, bereziki bereizten da aretoan. Santa Isabel (Vitoria-Gasteiz) hilerriaren planoaren eta lore lehorren argazki baten gainjarketatik jaiotako muntaia daukagu. Hilerriko horma-hobi eta hilobi komun guztiak zerrendatuz sortutako artxiboa da. Lore lehorren argazkia handitzerakoan, ikusten dugun hura zer den ahazten dugu eta materiari bidea zabaltzen diogu. Modu honetan, orbanak, marrak eta ehundurak gailentzen dira. Materia hori hilezkorra da. Ebaki bakoitza, eskaintza bat.
ARTgiaren izenean Iñaki Landa aritu da eta emakume artisten lanak ikustarazteko lanean jarraitzen dutela nabarmendu du. Ez hori bakarrik, “oso pozik, lehen aldia delako, Gasteizko Kultur Sailaren bitartez, elkarlanean, programa bat burutzea lortzen dugula. lehen aldia eta bigarren proiektua”.